tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 66. Edizioa 2018  > Donostia Sariak > JUDI DENCH
JUDI DENCH
Osteguna, 2018(e)ko abuztuaren 30

Duela ia 60 urte Old Vic Theatre antzokian Hamlet-en Ofelia hezurmamitu zuenetik, Judi Denchek hala ikusleen nola kritikaren txaloak bereganatu ditu bere ibilbide osoan bete dituen rol klasiko eta garaikideetan egin dituen antzezpen nabarmengarriei esker. Hainbat sari garrantzitsu jaso ditu oholtzaren gainean eta pantailan egindako lanagatik; besteak beste, Oscar bat, hamar BAFTA sari eta zortzi Laurence Olivier sari. Bere lorpen ugarien aitorpen gisa, Britainia Handiko Inperioaren Ordena jaso zuen 1970an, Britainia Handiko Inperioko Dama bihurtu zen 1988an, eta Ohorezko Kide izendatu zuten. Horrez gain, Arteen Japoniako Elkartearen Zinema eta Antzerkiko Praemium Imperiale sari prestigiotsua ere jaso du.

Duela gutxi Artemis Fowl (Disney) amaitu du Judi Dench Damek Kenneth Branagh zuzendariaren esanetara, eta gutxi barru Red Joan film luzean ikusi ahalko dugu Trevor Nunnen zuzendaritzapean. Iaz Kenneth Branaghen Murder on the Orient Express filmean agertu zen (Twentieth Century Fox) eta Stephen Frears zuzendariaren Victoria & Abdul protagonizatu zuen Working Title eta Focus Features enpresentzat; azken lan horrek, gainera, Urrezko Globoetarako eta SAG eta AACTA sarietarako izendapen bana ekarri zion. Film horretan bigarrenez hezurmamitu zuen Victoria erregina, John Maddenen Mrs Brown filmean rol horixe bete eta BAFTA sari bat, Urrezko Globo bat eta Oscar sarietarako izendapen bat bereganatu eta gero.

Antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Oscar eta BAFTA sari bana eraman zuen Shakespearen in Love filmean Elizabeth I erreginaren paperean egindako antzezpen dotoreagatik eta Oscar sarietarako izendapenak jaso ditu beste bost filmetan egindako lanagatik: Chocolat, Lasse Hallstrom zuzendariarena, Urrezko Globo baterako ere izendatua; Iris, Richard Eyrerena, BAFTA sari baten irabazlea; Mrs Henderson Presents, Stephen Frears zuzendariarena, BAFTA sarietarako eta Urrezko Globoetarako izendatua; Notes on a Scandal, berriz ere Richard Eyreren zuzendaritzapean, BAFTA sarietarako eta Urrezko Globoetarako izendatua; eta Philomena, Stephen Frearsek zuzendua eta Steven Cooganekin batera protagonizatua, BAFTA eta SAG sarietarako eta Urrezko Globoetarako ere izendapenak ekarri zizkiona.

Judi Dench dama mundu osoan da ezaguna James Bonden zazpi filmetan (Goldeneye-tik hasi eta Skyfall arte) M rol mitikoa antzezteagatik. Zinemarako egin dituen lanen artean sartzen dira beste film hauek ere: Tea With Mussolini, Franco Zeffirelliren zuzendaritzapean; A Room With a View eta A Handful of Dust, bietan ala bietan antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren BAFTA sariduna; 84 Charing Cross Road, David Jonesek zuzendua; Henry V eta Hamlet, Kenneth Branaghenak; Nine, Rob Marshallek zuzendua; Jane Eyre, Cary Fukunagarena; My Week with Marilyn, Simon Curtisena; J. Edgar, Clint Eastwooden zuzendaritzapean; Indian girotutako film zeharo arrakastatsua, The Best Exotic Marigold Hotel, eta haren bigarren zatia, The Second Best Exotic Marigold Hotel, biak ala biakJohn Maddenenak; Roald Dahl’s Esio Trot, Dustin Hoffmanekin batera; eta Miss Peregrine’s Home for Peculiar Children, Tim Burtonek zuzendua.

Telebistan egin duen lanagatik ere jaso ditu txaloak. Duela gutxi Cecily, Yorkeko dukesa, hezurmamitu zuen BBCrako The Hollow Crown telesailean, eta aurrez egin dituen lanen artean daude The Last of the Blonde Bombshells, zeinari esker BAFTA saria, Urrezko Globoa eta Emmy sarietarako izendapena lortu baitzituen; eta BBCren As Time Goes By eta Crandford eta Cranford: Return to Cranford txalotuak, sari garrantzitsuetarako hainbat izendapen ekarri dizkiotenak.

Judi Denchek pantailan izandako arrakastak bere ispilua du eszenatokietan egin duen ibilbide txalotuan. Oraindik orain antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Olivier saria eraman du Paulina antzezteagatik The Winter’s Tale antzezlanean, Kenneth Branaghek West Enden egindako ekoizpen arrakastatsuan, eta aurrez ere Olivier sarien irabazle suertatu da obra hauetan egindako lanagatik: Macbeth eta Juno and the Paycock, RSC konpainiarako; Pack of Lies London Lyric antzokian; eta Anthony and Cleopatra, Absolute Hell eta A Little Night Music The National Theatre antzokian. Richard Eyreren zuzendaritzapean Critics’ Circle saria eta Olivier sarietarako izendapenak jaso zituen The National eta Aldwych antzokietan David Harek idatzitako Amy’s View obrako antzezpenak, baita emakumezko aktore onenaren Tony saria ondoren ere, antzezlana Broadwayra eraman zenean. Antzerkian beste lan hauek ere egin ditu: The Royal Family, Peter Hallek zuzendua; The Breath of Life, Howard Daviesek zuzendua eta Maggie Smith damarekin batera antzeztua; All’s Well That Ends Well, RSC konpainiarako; Hay Fever, Peter Hallek zuzendua; The Merry Wives of Windsor, RSCrako; Madame de Sade, Michael Grandageren zuzendaritzapean, The Donmar antzokirako (West End); A Midsummer Night’s Dream, Peter Halleren ekoizpena Rose Theatre antzokirako (Kingston); Peter and Alice, Michael Grandagek zuzendua (West End); eta The Vote, Josie Rourkek 2015ean The Donmar antzokirako zuzendua eta Erresuma Batuko hauteskunde orokorren gauean zuzenean telebista bidez emana, mugarria jarri zuen ekitaldi batean.

 

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea