tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 66. Edizioa 2018  > Zinemaldiaren Egunkaria > Arrazakeriaren kontrako oihu gaurkotua
Arrazakeriaren kontrako oihu gaurkotua
Black is Beltza
Larunbata, 2018(e)ko irailaren 29

Fermin Muguruzaren “Black is Beltza” proiektu transmediaren azken sorkuntza lanak klausuratu zuen, atzo, Donostia Zinemaldiaren Zinemira saila. Animaziozko film luzea zuzentzeaz gain, gidoilari lanak ere egin ditu Irungo musikariak, Harkaitz Canorekin eta Eduard Solarekin elkarlanean. Soinu-banda, ezin zen bestela izan, Muguruzak osatu eta koordinatu du, bere lagun eta kolaboratzaile ugariren parte-hartzearekin.

“Ederra da jende batek proiektuaren bilakaera ikustea eta gozatzea”, adierazi du Fermin Muguruzak, “bidea egin dugu komikiarekin, erakusketarekin, soinu-bandarekin eta, orain, pelikularekin”. Eta bide horretan, zinemagilea ez da bakarrik egon: Ramon Agirre, Rossy de Palma, Óscar Jaenada, Isaach de Bankolé, Sergi López, María de Medeiros, Jorge Perugorría, Hamid Krim edo Unax Ugalde bezalako aktoreak izan ditu ondoan. Arlo musikalari dagokionez, berriz, Raúl Refree, Anari, Manu Chao, Ana Tijoux, Maika Makovski, Iseo, Rosalía eta zerrenda luze batek osatzen dute filmaren soinu-banda. “Pelikularako soinu-banda jada sortuta genuen; beraz, soinu-bandak ematen dio erritmoa pelikulari. Normalean soinu-banda beranduago eraikitzen da; hemen, kontrakoa egin genuen”, azaldu du zuzendariak.

Fermin Muguruzak bere proiektuetara sortzaileak erakartzeko duen gaitasuna ezaguna da. “Ez da a priori pentsatzen dudan zerbait, badoa sortzen eta gauza eta pertsona batek gonbidatzen du hurrengoa”, argitu du. “Bizitza osoa egon naiz gauzak antolatzen toki guztietatik, zirkuitu independentearekin harremanetan, eta lagun eta konplize asko egin ditut”, dio. “Horiek harremana dute beste batzuekin eta sare bat antolatzen da, eta gero eta trinkoagoa eta handiagoa da eta herrialde gehiagotara iristen da; horrelaxe sortzen ditut nik gauzak”.

Elur-pilota beltza

Animaziozko film luzea egitearena urrun zirudien ametsa besterik ez zenean, Fermin Muguruzak eta Harkaitz Cano idazleak komiki bat lau eskutara idazteko erabakia hartu zuten. 1965eko urrian jazotako benetako gertakari bat kontatu nahi zuten: San Fermineko erraldoien konpartsak New Yorkeko 5. Etorbidean desfilatzeko gonbidapena jaso zuenekoa, eta arrazakeria tarteko, estatubatuar agintariek erraldoi beltzek ekitaldian parte hartzea debekatu zutenekoa, hain zuzen. Erraldoi beltz horietako bat eramateko ardura duen pertsonaia den Manex Unanue argazkilariaren istorioa da Black is Beltza filmean kontatzen dena.

“Iraganean gertatu zirenak baina gaur egunean hortxe dauden gauzak kontatzen ditugu”, dio Fermin Muguruzak. Arrazakeriaren kontrako eta kulturarteko solasaldiaren aldeko ohiu bat proposatu nahi du egileak pelikularekin. “Nik beti jorratu izan ditudan gaiak dira eta horrekin gozatu egiten dut”, aitortu du musikari eta zinemagileak, “mundua aldatzea oso gauza zaila baldin bada ere, guk gutxienez gure saiakerak egiten ditugu, eta gauzak beste era batera antolatu daitezkeela erakusten dugu”.

60ko hamarkadan eman ziren mugimendu iraultzaile ugariren lekuko eta protagonista bihurtzen da Manex Unanue pertsonaia. Bidaia ere baden film honen bukaeran, etxera itzuliko da Manex, iraultza etxean ere badagoela jabetuta. “Zapatismoan aurkitu nuen gauza oso polita da hori”, dio Muguruzak, “Lacandona zure auzoa da; guk gure auzoa zaindu behar dugu".

Irene Elorza

 
Fermin Muguruza filmaren zuzendaria.
Fermin Muguruza filmaren zuzendaria.

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea