71SSIFF - 2023ko irailak 22/30
Hizkuntzak
Babesle
Ofiziala
Media
Partner
Beste ekintza batzuk
Beste ekintza batzuk

2017/2018 ikasturtean Larrotxene kultur etxean egindako lanen erakustaldia.
Trueba zinemak Irailak 27, 20:30
PROGRAMA
Gidoigintza (Irakaslea: Michel Gaztambide) 1. El regalo de Daniel (Valerie Quiroga) 2. Alde erantzia (Deiane Moreno) 3. De repente Fritz (Felipe Ugarte) 4. 12:00 Bikea (Egoitz Albizu) 5. Ongi Etorri (Cesare Maglioni) Zuzendaritza (Irakaslea: Pablo Malo) 6. El nuevo vecino (Suso Hernández) Dokumentalak (Irakaslea: Oskar Tejedor) 7. Y... ¿por qué no? (Aberto Azkona) Koprodukzioak 9. Supervivere (Paco Arasanz) 10. 1:33:10 (Juanmi Cuesta)

"Pasealdia zineman barrena" Belodromoan

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE fundazioak eta Donostia Zinemaldiak zinema-musikako kontzertu bat eskainiko dute. Aurten ere, Zinemaldiko lehenengo larunbatean, Belodromoak eguerdian irekiko dizkie ateak melomano, zinemazale eta entzuleei, soinu-banden interpretazio sinfonikoa eta soinu-banda horiei dagozkien filmetako eszenekin egindako muntaketa bateratzen dituen ikuskizun batean. Fernando Velázquez bizkaitar orkestra-zuzendari eta konpositorea izango da orkestraren zuzendaria zinema eta soinu-banden topaketa jendetsu horretan. Aurtengo Kontzertua & proiekzioa ekitaldiak hamar bat filmetarako konposatutako musikaren egokitzapenak bilduko ditu “Pasealdia zineman barrena” izenburuaren pean. Velázquezek berak konposatu ditu eskainiko diren musika-obren erdiak: adibidez, Zipi y Zape y la isla del capitán (Oskar Santos), Gernika (Koldo Serra), El secreto de Marrowbone (Sergio G. Sánchez), Contratiempo (Oriol Pablo) —Zahara kantautorearekin batera konposatua— eta Un monstruo viene a verme (Juan Antonio Bayona) filmetako soinu-bandak. Errepertorioa osatzeko, beste bost film hauetarako konposatutako musikaren egokitzapenak aurkeztuko dira: Locura de amor (Juan de Orduña), Tadeo Jones 2: El secreto del rey Midas (Enrique Gato eta David Alonso), El elegido (Antonio Chavarrías), Todos los hombres sois iguales (Manuel Gómez Pereira) eta Go!azen (Jabier Elortegi eta Aitor Aranguren). Juan Quintero, Zacarías M. de la Riva, Arnau Bataller, Bernardo Bonezzi eta Álvaro Carmona izan ziren soinu-banda horien konpositoreak, hurrenez hurren.
Larunbata, irailak 22, 12:00etan. Belodromoan. Doako sarrera. Gonbidapenak irailaren 15etik 21era bitartean jaso daitezke Zinemaldiaren Kursaaleko eta Okendo plazako informazio-puntuetan eta bulebarreko Donostia Turismoa bulegoan, 9:00etatik 20:00etara astelehenetik larunbatera, eta 10:00etatik 19:00etara igandean. Azken sarrerak Belodromoko leihatiletan eskuratu ahal izango dira goizeko 10etatik aurrera kontzertuaren egunean.

Black is Beltza

"Black is Beltza" erakusketak bidaia bat proposatzen digu: Black is Beltza eleberri grafikoko protagonista Manex Unanueren abentura, hainbat leku eta herrialdetan barrena. Abiapuntua: 1965ean Iruñeko erraldoien konpartsak New Yorkeko 5. etorbidean egindako desfilea. San Telmoko Laborategira etorriko da Fermin Muguruzak Harkaitz Cano idazlearen eta Jorge Alderete irudigilearen laguntzaz sortutako eleberri grafikoari buruzko erakusketa hau, eta Zinemaldian aurkeztuko den animazio-filmerako erabilitako edukiak hartuko ditu barnean. "Black is Beltza" erakusketan, zuzenean nahiz zeharka proiektua egiteko erabili den materiala ikus daiteke: hala egileak istorioa egituratzeko lagungarri izan dituen prentsa-artxiboak nola animazio-filmeko marrazkiak, baita sasoi hartako ikuspegi sozial, politiko eta kulturalaren berri ematen duten ikus-entzunezko materialak ere.
2018ko ekainaren 15etik irailaren 30era. Astartetik igandera, 10:00-20:00. San Telmo Museoko Laborategian Doako sarrera.

Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna

Erakusketa honek Eloy de la Iglesiaren film guztiak eta telebista nahiz antzerkirako egindako kolaborazio guztiak biltzen ditu lehenengoz, Artegunea aretoan. Kronologikoki kontatuta, gure historiako lau hamarkadaren baino gehiagoren erradiografia zehatza egiten du "Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna" erakusketak. Zinema gutxik bezala bizi, maitatu eta egin zuela esan genezake: sentsualki, egiaz eta zoratzeraino. Maitatu bezain gorrotatua, haren planteamenduak ez ziren inoiz oharkabean pasatu. Hamarkada bat ahaztuta igaro ondoren, Eloyk harrotasunez zioen beretzat zineman jarraitzea zela bizitzeko arrazoi bakarra. Pedro Usabiaga (Donostia, 1959) argazkilaria izan da erakusketaren komisarioa. Argazkilari horren ibilbidea bereziki ezaguna da zinemako argazkilaritzan, bai prentsako kanpainetan, bai film askotako saio berezietan eta zinemarako liburuen argitalpenetan. Lan handia egin du argazki eta pinturako erakusketen komisario gisa ere. Erakusketa honek Eloy de la Iglesiaren ibilbide profesionalaren ikuspegi kronologiko bat eskaintzen digu, antzerki eta telebistarako egin zituen lanak ere barnean hartuta. Erakusketan, haren filmografia osoan zeharko ibilbidea egin daiteke 150 bat argazkiren bidez, film bakoitzaren sinopsia ere alboan dutela.
Tabakalera Ekainetik irailera Uztailak 20 - Azaroak 4 Asteartetik ostiralera 11:30 - 13:30 /17:00 - 21:00. Larunbat, igande eta jaiegunetan 11:30 - 21:00. Zinemaldian, astelehenean ere irekiko da. Urte gainerakoan, asteartetik igandera 11:30 - 13:30 /17:00 - 21:00.

Txotxongilo animatuak

TOPICeko aldi baterako erakusketen aretoa / 10:00 - 13:00 / 16:00 - 19:00 eastean zehar, astelehenetan itxita 10:00 - 14:00 / 15:00 - 19:00 asteburu eta jai egunetan 2018/09/24 - 2019/02/28

Zinemako Parekidetasunaren eta Inklusioaren aldeko Gutuna sinatzea

Cannes, Locarno eta Veneziako zinema-jaialdien antzera, Donostia Zinemaldiak ere Zinemako Parekidetasunaren eta Inklusioaren aldeko Gutuna sinatuko du 66. edizio honetan. Sinatze-ekitaldia irailaren 23an egingo da, igandea, Zinemaldiaren Kursaaleko prentsaurreko-aretoan 12:00etan. Gutuna sinatuz Zinemaldiak konpromiso hauek hartzen ditu bere gain: estatistikak sortzea, hautatutako filmen gainean bereziki, datu fidagarriak lortzeko; hautaketa-batzordeetako kideen eta programatzaileen zerrendetan gardentasuna bermatzea; Zinemaldiko aginte-organoak eraldatzeko egutegi bat ezartzea parekidetasuna lortzeko; eta egindako aurrerapenak jakinaraztea urtean behin.
PROGRAMA
ZINEMAKO PAREKIDETASUNAREN ETA EMAKUMEEN INKLUSIOAREN ALDEKO GUTUNA Canneseko azken zinema-jaialdiko ekimenean publikoki aurkeztutako ekimenari erantzunez, CIMAk (Ikus-entzunezko Bitartekoetako eta Zinemagintzako Emakumeen Elkartea) Zinemako Parekidetasunaren eta Emakumeen Inklusioaren aldeko Gutunaren sinadura sustatuko du 66. Donostia Zinemaldiaren esparruan. Gutuna sinatzean, konpromiso hauek hartzen ditu Donostia Zinemaldiak bere gain: • Generoaren arabera bereizitako estatistikak sortzea, hala hautaketarako jaso nola aukeratu eta programatu diren filmei dagokienez, emakumeek gidatutako proiektuen presentziari buruzko datu fidagarri eta egiazkoak edukitzeko. • Hautaketa- eta programazio-batzordeetako kideen zerrenda argitara ateratzea. • Aldaketetarako egutegi bat ezartzea Zinemaldiaren aginte-organoetan, organo horien agintaldian parekidetasuna lortzeko. • Egindako aurrerapenak jakinaraztea urtean behin.

Zortzigarren dimentsioa

Donostia Zinemaldiaren esparruan, Audik ekoitzitako eta Kike Maíllok (“Eva”, “Toro”) idatzi eta zuzendutako “La octava dimensión” film laburra aurkeztuko da. Najwa Nimri ("Abre los ojos”, "Los amantes del Círculo Polar”, “Lucía y el sexo”, “Vis a vis”), Alberto Ammann (“Celda 211”, “Narcos”), Javier Pereira (“8 citas”, “Stockholm”, “Que Dios nos perdone”) eta Audi Q8 berria dira lanaren protagonistak. Thriller hau uztailean filmatu zen, Barcelona eta Huescako zenbait kokalekutan. Ekoizpen honekin, Audik beste urrats bat egin nahi du gure herrialdeko zinema sustatzeko konpromiso irmoan. Zinema-jaialdiei (Donostia Zinemaldia, Málagako zinema-jaialdia, Atlántida zinema-jaialdia eta BCN zinema-jaialdia), ekoizpen zinematografikoei (“Stockholm”, “Requisitos para ser una persona normal”, “Toro”, “Tu hijo”) eta telebistako ekoizpenei (“Se quién eres”, “La zona”… besteak beste) babesa emanez gauzatzen duen konpromisoa. Era berean, lau eraztuneko marka eskuarki aritzen da Arteen eta Zientzia Zinematografikoen Akademian elkarlanean. Gainera, duela bost urtetik, “Zinemari eta Berrikuntzari buruzko Audi Think Tank” jarduera egiten du Audik Donostia Zinemaldiaren esparruan. Topaketa interesgarri horretan, gure herrialdeko zazpigarren arteko pertsona ezagunak biltzen ditu (gidoilariak, artistak, zuzendariak, ekoizleak, banatzaileak…), gure zinemaren orainaldiari eta etorkizunari buruz eztabaidatu eta gogoeta egiteko. Oraingoan, film labur hau eginez ekoizpen propioan hasi da Audi, eta gainera Audi Q8 auto berria ikusi ahal izango dugu argumentuko eszena nagusietako batean. Iñaki Villuendasek diseinatu du kartela; hau da, “Handia” filmerako egindako lanagatik kartel onenaren 2018ko Feroz saria irabazi zuen ilustratzaileak. Gainera, Espainiako zinemako kartelgile ezagunenetakoa da diseinatzaile grafikoa eta, besteak beste, nabarmentzekoak dira “Lo imposible”, “Tarde para la ira”, “Verónica”, “Oro”, “Colossal” eta "El cuaderno de Sara” obretarako egin dituen diseinuak.
PROGRAMA
Sinopsia Misteriozko eleberrien idazle arrakastatsu batek, Olga Calderónek, kontakizun bat osatzen duten alderdiei buruzko eskola magistrala irakatsiko du. Idazleak istorio bat erabiltzen du adibide gisa, eta alter ego bat sortzen da horretarako. Istorioaren ardatza gertakari larri bat da: auto-istripu bat. Olgak fikzioaren alderdi guztiak azaldu ahala, apurka-apurka agerian utziko ditu ikasleak erabat liluratuko dituen kontakizun baten misterioak ere. Egiaren zortzi aurpegien bidez eraikitzen den kontakizun bat.
Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: