Smallfoot lanean, yetiaren mitoa alderantzikatu egiten da: yeti gazte eta azkar batek halakorik ez zegoela uste zuen zerbaitekin topo egingo du, gizaki batekin, hain zuzen. "Gizaki" horren berri izateak yetien komunitate xumea aztoratuko du: zenbat gauza gehiago existituko dira herrixka elurtutik hara?
Karey Kirkpatrickek Over the Hedge (2006) animazio-filmarekin egin zuen zuzendari-debuta, besteak beste film hauen gidoiak idatzi eta gero: James and the Giant Peach (1996), Chicken Run (Oilasko ihesa, 2000), The Little Vampire (Banpiro txikia, 2000) –Donostiako Velodromoan proiektatu ziren guztiak– eta The Hitchhiker's Guide to the Galaxy (2005). Bere bigarren film luzean, Eddi Murphyk protagonizatutako Imagine That-en (2006), alde batera utzi zuen animazioa baina azken lanarekin, Smallfoot-ekin, berriz itzuli da alorrera.