Hamazazpi urteko Carlitos gazteak zinema-izar baten ospea, ile-hori kizkurra eta ume-aurpegia ditu. Txikitan besteren gauzak gutiziatzen zituen, baina egiaz nerabe goiztiar zenean azaleratu zen haren benetako bokazioa: lapurra izatea. Eskola berrian Ramón ezagutzen duenean, berehala xarmatuta geratuko da Carlitos eta haren arreta erakartzeko harrokeriatan hasiko da. Elkarrekin, aurkikuntza, amodio eta krimenezko bidaia bati ekingo diote. Sarraskia bortizkeriaren ausazko ondorio bat da, besterik gabe, eta areagotuz joango da azkenean Carlitos atxilotzen duten arte. Aingeru-itxura duenez, "Heriotzaren aingeru" izena jarriko dio prentsak Carlitosi. Ederra izateagatik arreta handia jaso, eta gauetik goizera ospetsu bihurtuko da. Guztira, berrogei lapurreta baino gehiago eta hamaika hilketa egin zituela uste da. Gaur egun, berrogeita bost urte baino gehiago daramatza Carlos Robledo Puch espetxean eta Argentinako historian preso denbora gehien eman duen atxiloa da.
Luis Ortega Donostia Zinemaldiko Made in Spanish sailean lehiatu zen bere lehen filmarekin: Caja negra (2002). Zuzendariaren bigarren filma, Monobloc, 2005eko Toulouseko Zinema Eraikitzen sailean hautatu zuten, eta Horizontes Latinos-en lehiatu zen urte berean. 2015ean Historia de un clan telesaila idatzi eta zuzendu zuen, eta arrasto liriko eta erotiko handia utzi zuen. 2016an, Lulú zuzendu zuen, eta telebistara itzuli zen El marginal sailarekin. El ángel filma Canneseko azken zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztu zen.