Amodio-istorio sutsu bat, Gerra Hotzaren esparruan. Guztiz bateraezinak eta bai jatorriz bai izaeraz bestelakoak izan arren, halabeharrak elkarrekin egotera eramango ditu bi pertsona. Polonia, Berlin, Jugoslavia eta Paris artean, ezinezko garai batean garatutako ezinezko amodio-istorio bat erakusten du Cold War filmak.
Pawel Pawlikowskik telebistarako dokumentalak eginez ekin zion bere laneko ibilbideari. 1998an zuzendu zuen zinemarako lehen film luzea, The Stringer, eta haren atzetik etorri ziren Last Resort (2000), zuzendari berri onenaren BAFTA saria ekarri ziona, My Summer of Love (2004), Berlingo zinema-jaialdiko 14Plus sailean aurkeztua, eta La femme du Vème (2011). Nazioartean Ida (2013) filmarekin lortu zuen entzutea; izan ere, atzerriko film onenaren Oscar saria irabazi zuen, beste sari askoren artean. Zimna Wojna-k zuzendari onenaren saria jaso zuen Canneseko joan den zinema-jaialdian.