Kapuscinski poloniar berriemaile bat da, idealista eta alferrikako kausen zalea. 1975ean Angolara, Gerra Hotzaren azken gudu-zelaira, bidaiatuko du. Han, okerreko agurrak ere ordain daitezke biziaz. Afrikako herrialdeak eta bere abenturan ezagutuko dituen pertsonek –adibidez, Carlota gerrillari karismaduna– betirako aldatuko dute Kapuscinski. Ilunaren bihotzera egindako bidaia horrek idazle bihurtuko du kazetaria.
Raúl de la Fuente munduan zehar ibili da, planetako bazter guztietan dokumental, film labur eta telebista-programetarako gidoiak idatzita eta zuzenduta. Minerita lanak film labur dokumental onenaren Goya saria irabazi zuen 2014an, eta Kimuak sailean hautatua izan zen, baita La fiebre del oro (2017) ere. Bere lehen film luzea, Nömadak TX, 2006ko Donostia Zinemaldian estreinatu zen. 2014an I am Haiti-rekin lehiatu zen Irizar saria lortzeko, eta Zinemira sailean proiektatu zen. Damian Nenow 2005ean sartu zen Platige Image konpainian, 3D-an egindako lanak sortzen, zuzentzen eta editatzen. The Aim (2005), The Great Escape (2006) eta Paths of Hate (2010) animazio-film laburrak sinatu ditu. Era berean, City of Ruins (2011) animazio-film labur dokumentala zuzendu du.