De Natura bat-bateko poema bat da, bi neskatoren ibilaldi lasai eta alaia, naturaren erdian, helduen begien bistatik urrun. Baina, orduan, apurka-apurka desagertzen hasiko da poza, nostalgia bihurtuko da ametsa, eta errepidearen ertzean, udako fruitu ustelen artean, aurpegi lauso batzuk agertuko dira. Bizitzaren zikloak ez du murrizten munduaren magia, ilargiaren nahiz eguzkiaren argipean egon.
Lucile Hadzihalilovicen zuzendari-jardunak barnean hartzen ditu La première mort de Nono (1987), Good Boys Use Condoms (1998) eta Nectar (2014) film laburrak eta La bouche de Jean-Pierre (1996) film ertaina, Zabaltegin proiektatua. 2004an, Zuzendari Berriak sariaren irabazle suertatu zen haren lehenengo film luzea, Innocence, eta 2009an sari horren epaimahaikide izan zen Hadzihalilovic. 2015ean berriz ere Donostiara ekarri zuen bere bigarren filma, Evolution, Epaimahaiaren Sari Bereziaren irabazlea. De Natura-k Berlingo zinema-jaialdiaren Generation Kplus sailean parte hartu zuen.