Gelditzen al da bizitzeko aukerarik lurralde bat goitik behera aldarazten badute? 1990eko hamarkadan, Nafarroako Pirinioetako maldetan zazpi herri eta hiru erreserba natural urperatu zituzten Itoizko urtegia eraikitzeko. Egun, 592 metroen kotan, lur biluziak marra banatzaile bat marrazten du bailarako paisaian: kota horren azpitik ura dago, eta gainetik, bizitzak aurrera dirau.
Maddi Barberek kultura-arloko hainbat erakunderekin, kolektiborekin eta unibertsitaterekin lan egiten du ikus-entzunezko sortze-lanetan. 2015ean, Lurraldeak eta Mugaldeak proiektuak sustatutako Zinergentziak #15 zinema-jaialdian eta ZINEBI zinema-jaialdian parte hartu zuen, eta Distantziak talde-film luzeko zuzendarikide izan zen. 2018an, Yours Truly film laburra zuzendu eta ekoitzi zuen Christopher Murrayekin eta Charlotte Hoskinsekin batera, eta Punto de Vista zinema dokumentaleko nazioarteko jaialdian estreinatu zuen. 592 metroz goiti 2018ko Visions du Réel zinema-jaialdian aurkeztu zen, eta aurtengo Kimuak sailean hautatutako film laburren artean dago.