tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 66. Edizioa 2018  > Zinemaldiaren Egunkaria > Oier Aranzabal: “Artista gehienen xarmarik handiena B aldea izan ohi da”
Oier Aranzabal: “Artista gehienen xarmarik handiena B aldea izan ohi da”
Margolaria
Igandea, 2018(e)ko irailaren 23

Oier Aranzabal kazetari eta sortzailea bi urtez egon da Mikel Urdangarin musikariaren ibilerak munduan zehar grabatzen. Partikularretik generikora jauzi egin, eta bere lan artistikoaren emaitzaz bizitzearen aldeko apustua egiten duten artista ororen errealitatea dokumentatu nahi izan du, ordea, zuzendariak. Aranzabalek berak Lou Topet musika-proiektuan izandako bizipenek bultzatuta piztu zitzaion artisten inguruko gogoeta egiteko grina. “Oso proiektu pertsonala da hau, artistaren mundua kontatzeko, orokorrean, ez artista batena”, adierazi du.

Sortzaileen alde ezezagunena erakusteko ahalegina da Margolaria. “Artista gehienen xarmarik handiena B aldea izan ohi da”, dio zuzendari, gidoilari eta muntatzaile lanetan aritu den Oier Aranzabalek; “zineman ere arrakasta handiena izan duten dokumentalek B alde hori erakusten dute”. Mikelen kasuan, abestia sortzetik antzokian jendeari emateraino doan bidea interesatzen zitzaion zinemagileari. “Jendeak ahotsa hartu eta nola egiten den obraren jabe, eta musikariaren eta publikoaren arteko komunikazioa noraino ailega daitekeen erakutsi nahi nuen”, esan du.

Artistaren errealitatea bere osotasunean dokumentatzeko helburuan, Mikel Urdangarin bide bat izan da Aranzabalentzat, “berarengan munduko edozein artista identifikatuta sentitu ahal delako”. “Oso eskertuta nago berak erakutsitako eskuzabaltasunagatik, zabaldu dizkigun ate guztiengatik, eta baldintzarik jarri ez digulako, inoiz”, dio zuzendariak. “Ez digu sekulan ezer grabatzea debekatu, eta, nire ustez, hori da dokumentala ondo ateratzeko baldintza”.

Margolana akuilu

Mikel Urdangarin musikariak eta Londresen bizi den Alain Urrutia artista plastikoak goiz batean Skype bidez elkarrekin izandako elkarrizketa batean abiarazitako bidaia-kontakizuna da Margolaria. Urrutiak bere margolan bat eskainiko dio Urdangarini, opari gisa, baldintza bakar batekin: musikariak ferryan joan beharko du Londresera erregaluaren bila. Bidaia aitzakia hartuta, artisten etengabeko bilaketaren inguruko hausnarketa sortuko da filmean.

Zuri-beltzaren aldeko hautu estetikoa egin du Aranzabalek bere dokumentalerako. “Oinarrizko kontuetan soilik fokoa jartzen lagungarria suertatu zait; nik uste dut mesede egiten diola filmari”, aitortu du Aranzabalek. Ondoren, filmaren gako nagusietako bat aipatu du: “Geziak sagarra lez, film osoa zeharkatzen duen misterioa da zein den artista edo sortzaile horiek euren pasioetara lotzen dituen indarra”. Musikaren edo artearen kasuan modu indartsuagoan gertatzen bada ere, beste hainbat arlotan ere ematen dela dio Aranzabalek.

IRENE ELORZA

 
Mikel Urdangarin eta Oier Aranzabal, lehen lerroaren erdian, lantaldearekin.
Mikel Urdangarin eta Oier Aranzabal, lehen lerroaren erdian, lantaldearekin.

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea