tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 66. Edizioa 2018  > Zinemaldiaren Egunkaria > Josu Martinez: “Pelikula dokumental bat egin nahi nuen, ez biografia bat”
Josu Martinez: “Pelikula dokumental bat egin nahi nuen, ez biografia bat”
Jainkoak ez dit barkatzen
Asteazkena, 2018(e)ko irailaren 26

Josu Martinez ikerlari eta zinema zuzendariak hiru lan ditu ikusgai aurtengo Donostia Zinemaldiko Zinemiran. Gure oroitzapenakproiektua osatzen duten film laburretako baten egilea izateaz gain, Kimuak bildumaren baitako Ama lana ere berea du, eta, azkenik, Jainkoak ez dit barkatzenestreinatu berri du, Euskal Zinemaren Galan.

Martin Ugalde kazetari eta idazleak Lezo Urreiztiri buruz idatzi duen biografia txiki bat da Jainkoak ez dit barkatzen film dokumentalaren oinarrian dagoen hazia. “Entzunak nituen pertsonaiari buruzko kontuak eta banekien Ugaldek elkarrizketak egin zizkiola eta grabazioen bila hasi nintzen”, esan du Martinezek. Bilaketa horri esker altxor preziatu bat azaleratzea lortu zuen. Andoaingo udaletxean kartoizko kutxetan gordeta zeuden 35 orduko grabazioak biltzen zituzten kaseteak, hain zuzen. “Sailkatu gabe zeuden eta ni nintzen lehenengo pertsona entzuten zituena: berehala ikusi nuen hor kontatu beharreko istorio bat bazegoela”, dio zuzendariak.

Urreizti hil eta berrogei urtera, audioek bere istorio sinestezina ezagutaraziko digute, protagonistaren beraren ahotsaren bitartez. Lezoren bizitza eta ibilerak ez ziren ez ohikoak ez arruntak. Estraperlista zen, bere bizia arriskuan jarri eta ehunka pertsonena salbatu zuen, abertzale sutsua zen, fededuna, bi familia zituen, Bilbon armaz betetako 17 itsasontzi sartu zituen 36ko Gerran, Franco erailtzeko konspiratu zuen behin eta berriz...

Josu Martinezek azaltzen duenez, istorio pila bat geratu dira pelikulatik at, beste film edo serie bat egiteko adina. “Osotasun batean pentsatzen duzu, zein istorio ezkontzen diren ondoen besteekin aztertzen duzu ikuspegi artistiko batekin”, dio Martinezek, “hori izan da irizpidea: pelikula bat egitera joatea, eta ez biografia bat”.

Elkarrizketa horrek abiapuntu hartuta, filmak XX. mendeko euskal historian funtsezkoa izan zen norbaiten lekukotza azaleratzen du. “Historia ezezaguna da eta hasieratik ikusi nuen gure historiaren beste bertiso bat eman ahal zuela, eta, batzuetan, kontatu ez zaizkigun gauza batzuk kontatzen zituela, edo kontatu zaizkigun gauza batzuk beste modu batean kontatzen zituela”, adierazi du Martinezek.

Ikusezina erakutsi
Bere jarduna ezkutuan eramaten zuen pertsonaia izanik, ez zegoen material gehiegirik Urreiztiri buruz. “Badaude argazki gutxi batzuk, baina gailu filmiko guztia asmatu egin dugu”, dio gidoilari eta zuzendariak. Hau da, erronka artistikorik zailena zen ikusezina nola egin ikusgarri. “Pelikulak soinua zeukan baina film itsua zen”, dio, “horixe zen zailena, nola jantzi soinu hori”. Egileak argi zuen dokumental baten bidez kontatu behar zuela istorioa. “Lezoren ahotsarena hain indartsua iruditzen zitzaidan, dena bere inguruan ardaztu nahi nuela, eta lehenengo pertsonan kontatu”, dio. Ardatza elkarrizketa da eta hori osatzen Lezoren inguruan sortu duen bigarren mailako korifeo/koro bat dago Lezok esandakoak zehaztuz, testuinguruan jarriz, aberastuz, baina ardatza beti Lezo izanda. Zuzendariak argi du hemendik aurrera pertsonaia handitu egingo dela, interes handia sortu baitu.

Irene Elorza

 
PABLO GÓMEZ
PABLO GÓMEZ

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea