"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Joan den urtean, Tabakalera Kultura Garaikideen Nazioarteko Zentrotik Zinemaldiari hitzaurre bat egin zitzaion The Room (Tommy Wiseau, 2003) pelikularen proiekzioarekin, Sail Ofizialean The Disaster Artist (James Franco, 2016) hautatzearekin lotuta. Gero, The Disaster Artist filmak Urrezko Maskorra lortu zuen.
Aurten, Tabakalerako zinema aretoak proposamen berri bat dauka irailerako: Donostia Sariekin elkarrizketa bat. Omenduei omenaldia egin nahi die beraien ibilbidetan garrantzitsuak izan diren filmak proiektatuz eta herritarrei berriro ere -edo lehen aldiz- pantaila handian ikusteko aukera emanez.
Alde batetik, Hirokazu Kore-edaren lehenengo fikziozko luzemetraia berreskuratuko da. Veneziako zinemaldian aurkeztu zen 1995 urtean eta zuzendari onenaren saria jaso zuen.
Bestetik, Danny DeVitoren omenez bere pertsonaia karismatikoenak ikusteko saio bikoitza. Aktore, zuzendari eta ekoizle gisa duen filmografiarekin ziklo oso bat egin daiteke baina bere esentzia popularrena berreskuratu nahi izan dugu, gertukoena, milaka bideoklub saio edo bazkalosteko telebista orduetan urtetan zehar ikusi duguna.