"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaren historiaren hastapenak berrikustean, berehala egiaztatzen da musika izan zela zazpigarren artearen magiaren lehen gonbidatua. Garai hartan oraindik ez ziren iritsi aktoreen ahotsak eta eszenetako soinu-giroa entzuteko aukera emango zuten aurrerapen teknikoak, eta hortxe agertu ziren piano-jotzaileak, fonografoak eta are orkestra txiki eta handiak ere, irudiei kontrapuntua jartzeko eta musikarekin laguntzeko. Voces de cine diskoak omenaldia egiten dio zinemaren eta musikaren arteko harreman luze eta gozagarriari; hasiera-hasierako esperientzia horietan jarri zen abian, eta dagoeneko historia luze eta emankorra du. Diskoaren soinu-mozketak maitasun handiz prestatu dira, bai zinemarekiko, bai abegi egin zieten filmez harago iritsi eta bizitza propioa lortu duten abesti oso ezagunekiko; izan ere, zeluloideko istorio handien soinu-banda izateaz gain, gure bizitzen eta inkontziente kolektiboaren soinu-banda ere bihurtu dira, merezimendu osoz. Ainhoa Zubillagaren ideia batean oinarrituta, melodia horiek berrikustearen aldeko apustua egiten du proiektuak, lirikotik jazzeraino (eta alderantziz) hedatzen diren koloreak harturik barnean. Iñaki Salvadorrek egindako hamabi moldaketa dira, eta Zubillaga-Salvador jatorrizko duoari beste gonbidatu bat erantsi zaio: Mikel Andueza saxofoi-jotzailea. Hiru musikarion kontzertua irailaren 23an egingo da, Victoria Eugenia antzokian, eta nobedade diskografiko hori jendaurrean aurkezten den lehenengo aldia izango da.
Victoria Eugenia Antzokia
(Argentina Errepublika Pasealekua 2)
Irailak 23. 13:00etan
Doako sarrera, Okendo eta Kursaaleko informazio guneetan nahiz Donostia Turismoan gonbidapenak jasota.
Egitaraua
H. MANCINI (1924-1994) |
Moon river Breakfast at Tiffany’s |
F. CHURCHILL (1901-1942) |
Baby Mine Dumbo |
J. MONTES (1840-1899) |
Negra sombra Mar Adentro |
K. WEILL (1900-1950) |
Speak low One Touch of Venus |
ANÓNIMO IRLANDÉS |
Oh Danny Boy The Boxer & Miller’s Crossing |
G. GERSCHWIN (1898-1937) |
Embraceable you Girl Crazy |
S. SONDHEIM (1930-) |
Send in the clowns A Little Night Music |
A. LARA (1897-1970) |
Piensa en mí Tacones lejanos |
J. KANDER (1927-) |
All that jazz Chicago |