Euskadiko Filmategia, Donostia Kultura, Elías Querejeta Zine Eskola, SSIFF-Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerako zinema taldeak hedabideen aurreran aurkeztu dute urrian, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan abiatuko den zinema-programazioa.
Aurkezpen ekitaldia Erkidegoko erakunde nagusiek publikoari elkarrekin landu eta pentsatutako programa gauzatzeko lanean jarraitzeko hartu duten konpromisoaren erakusgarri garbia da. Programazioa askotariko proposamenek osatuko dute eta aberatsa eta parekorik gabekoa izango da.
Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusiak “Tabakalerako zinema pantaila publiko eta partekatua, elkarlanean programatzen dena” izateak daukan garrantzia azpimarratu du, herrialdeko eragile ezberdinek euren indarrak batuta errealitate bilakatu dena. “Guztiok elkarrekin egina, guztioi zuzendua”, ikusle bakoitzak bere gustoen araberako filmak topatuko ditu bertan.
Helburu horri erantzuteko programa aberatsa osatu dute, zinemaren historiaren berrikusketa kritikoa, kreatiboa eta iraunkorra egiteko baliagarria dena. Zinemaren iragana, orainaldia eta etorkizuna aztertzeko tresna izango dena. Carlos Muguiro, Elías Querejeta Zine Eskolako zuzendariaren aburuz, “historiaren hiru denbora horiek elkarrekin harremanetan jartzea ahalbidetuko duen sarea sortzea da kontua, zinemaren historia iraunkorra definitzeko oinarria”.
Hiru zinemagile, hiru atzerabegirako
Urriaren 3an hasiko da Tabakalerako zinemaren programazioa, asteazkenetik igandera. Besteren artean, Helena Taberna, Claire Denis eta Agnès Varda zuzendarien lanak ikusteko aukera izango da. Hiru zinemagile handi horiek izango dira 2018-2019 denboraldiaren protagonistak eta atzerabegirako garrantzitsuak eskainiko zaizkie. Josemi Beltrán, Donostia Kulturaren zinema unitateko arduradunak azaldu duenez, “hiru zuzendari hauen lana berrikustea, hiriko pantaila publikoan, ohorea da eta abiatzen dugun bidea denboran luzatuko den lankidetzaren lehen urratsa da“.
Bestalde, Donostia Zinemaldiaren Zabaltegi-Tabakalera atalean lehiatuko diren zenbait zinema zuzendariren lanak ere ikusteko aukera izango da Tabakalerako pantailan. Baita Gregory J. Markopoulos eta Anthony McCall-en lanen gisako klasiko garaikideak, edo Jonás Truebak prestatu duen “Quien lo impide” bezalako jardunaldi bereziak ere. Aurkezpenak, solasaldiak eta mahai-inguruak ere izango dira eta gonbidatu aski ezagunek hartuko dute parte saio horietan datozen hilabeteotan. Joxean Fernández, Euskadiko Filmategiko zuzendariak azaldu duenez, “Pantaila honek daukan boterean sinesten dugu lurralde kritikoagoetara, sortzaileagoetara, eszeptikoagoetara agian eta irudimentsuagoetara eraman beharko gintuzkeen zinemaren historiaren etengabeko berridazketa burutzeko (historia historiaren berridazketa da baita).”.
Zinema aretoaren barruan gertatzen diren saioez gain, ezinbesteko osagarriak dira azken urteotan harrera bikaina izan duten bestelako programa eta egitasmoak: Zinema (h)abian-Cinema en curs, Nazioarteko Zinema Mintegia, Ikusmira berriak edo Nest Film Students. Según Ane Rodríguez, Tabakalerako kultura zuzendariaren hitzetan, “bide horretan lanean jarraituko dugu, zinemaren etorkizunari begira, nolakoa izango den asmatzeko saiakerak egiten eta horretarako aipatu proiektuen daukaten garrantzia oso handia da”.
Ikasgela eta jaialdia ere baden zinema aretoa
Datorren asteazkenean, irailaren 19an, egingo den Elías Querejeta Zine Eskolaren irekierarekin behin betirako gorpuztuko da Tabakalerako zinema-pantaila ikasgela ere badela dioen ideia: bertan ikusiko diren film guztiak eskolaren programa akademikoaren barruan daude. Tabakalerako zinema ikasketarako, ikerketarako eta analisirako espazioa bilakatuko da, herritarrentzat zabalik dagoena.
Bide horretan aurrera egiteko asmoz datozen hilabeteotan hazi egingo da bertatik igarotzen diren gonbidatu kopurua, “klaseak” eskainiko dituzte aretoan bertan hainbat zinemagile, akademiko eta adituk proiekzioak testuinguruan ipintzen laguntzeko. Urrian gurean izango dira: Helena Taberna, Jonás Trueba eta Agnieszka Holland, zinema zuzendariak; María Palacios Cruz, Elías Quejeta Zine Eskolako komisariotza departamentuko arduraduna eta LUX-en zuzendari-ondokoa; Mark Webber, Tate Modern, ICA, Barbican Centre eta Centre Georges Pompidou erakundeekin lan egindako komisarioa; eta Erika Balsom, King's College Londonen ikasketa zinematografikoen irakaslea; zinema munduan aski ezagunak diren beste zenbait izenen artean.
Tabakalerako zinema zinema-jaialdi baten pantaila ere bada, Donostia Zinemaldiarena. Gauzak horrela, Zinemaldia 365 eguneko iraupena daukan zinema-jaialdia bihurtzen da. Era berean, ezaugarri horrek aukera paregabea eskaintzen dio aretoa programatzen duen taldeari: munduko jaialdi garrantzitsuenaren harreman-sarearekin lan egitea.
Aipatu ezaugarri guztiak kontuan hartuta Tabakalerako zinema “nazioartean parekorik ez duen espazioa” dela esan du José Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiaren zuzendariak. “Lehen mailako nazioarteko zinema-jaialdi bat, filmategi bat, kultura garaikideari eskainitako zentro bateko zinema taldea, bide luzea egin duen zinema unitate munizipala eta XXI. mendeko zinema eskola bat elkarlanean aritzen diren espazioa”. Erabateko berezitasuna duen espazioa, potentzialitate ikaragarria duena. Guztion artean sortutako programazio aberatsa, osatua, askotarikoa eta paregabea eskaintzea posible egiten duena.
Tabakalerako zineman egingo diren saio guztietarako sarrerak ohiko prezioa izango du (3,5€) eta gainera, deskontuak egingo dira saio guztietan publikoari zinemara etortzea errazteko helburuarekin. Donostia Kultura edo Tabakalera txartela daukaten herritarrek %10-eko deskontua izango dute. Nosferatuk ohiko bonoa ipiniko du salgai laster eta Tabakalerak, joan zen urtean egin bezala, opari-bonoa eskainiko du Gabonetan.