"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Argentinako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak erakundearen ohorezko kide izendatu du gaur Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinos. Donostia Zinemaldiko zuzendariak aintzatespen hori jaso aurreko egunean, Canneseko zinema-jaialdiko zuzendari Thierry Frèmauxek jaso zuen. Ohorezko kide berri horiez gain, Mirtha Legrand eta Amelia Bence aktore argentinarrak, TVEko eta Donostia Zinemaldiko zuzendari ohi Manuel Pérez Estremera eta Oliver Stone AEBetako zinemagilea ere daude zerrenda laburrean.
Argentinako Zinema Akademiak gorazarre egin dio «Donostia Zinemaldiaren zuzendaritzatik gure eskualdeko zinematografia pribilegiatzeagatik eta gure zinemak kanpoaldean duen presentzia indartzen duten proiektu eta talentu berriak etengabe bilatzeagatik», Bernardo Zupnik akademiako presidenteak esan duenez.
«Ohore handia da niretzat eta Donostia Zinemaldiarentzat sari hau jasotzea. Gertuko dugu Argentina, eta modu askotara gaude lotuta herrialde horrekin: kulturalki, emozionalki eta ekonomikoki, besteak beste. Bere zinematografia oso aberats eta pluralak presentzia garrantzitsua du Zinemaldian, eta interes handiarekin jarraitzen dugu. Eskerrik asko Akademiari eta INCAAri, Zinemaldiaren abenturan eskuzabaltasunez laguntzen baikaitu beti», adierazi du Rebordinosek.
Argentinako Zinema Akademia 300 artistak, teknikarik eta zinemako profesionalek baino gehiagok osatzen dute. Zinemaldiak, oro har, Latinoamerikako zinematografiarekin eta, zehazki, Argentinakoarekin duen lotura sendoa berresten du sari honek.