tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Berriak > Errealitate birtual, adimen artifizial, blockchain eta errealitate areagotuko bost proiektu izango dira Zinemaldia & Technology jardueraren lehenengo Startup Challenge lehiaketan
Errealitate birtual, adimen artifizial, blockchain eta errealitate areagotuko bost proiektu izango dira Zinemaldia & Technology jardueraren lehenengo Startup Challenge lehiaketan
Espainiatik, Frantziatik, Irlandatik eta Suitzatik datoz aukeratutako proposamenak, eta, 10.000 euroko sariaz gain, lehen urtean Euskadiko Parke Teknologikoen sareko BIC batean doako inkubazio-eremua eta 500.000 eurora arteko finantzazio lortzeko lehiatuko dira

Irailaren 22an egingo da jardunaldia, Tabakaleran, eta barnean hartuko ditu eskola magistral bat eta enpresa-ideia berritzaileen zenbait aurkezpen ere
Asteazkena, 2019(e)ko abuztuaren 7

Teknologia berriak ikus-entzunezkoen eremuan txertatzeko enpresa-proiektu berriak proposatzen dituzten ekintzaile eta startup sortu berrientzako lehiaketa da Zinemaldia Startup Challenge, eta Europako bederatzi herrialdetako 32 proiektu jaso ditu lehenengo edizioko deialdian (Alemania, Danimarka, Espainia, Frantzia, Irlanda, Italia, Portugal, Suedia eta Suitza).

Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren Sailak sustatu du lehenengo deialdia, eta jaso diren enpresa-proiektuen proposamenek konponbide berritzaileak planteatzen dituzte ikus-entzunezkoen alorrerako, askotariko teknologiak harturik oinarri: besteak beste, big data, errealitate areagotua, errealitate birtuala, gauzen Internet, blockchain, machine learning eta 3D-an inprimatzea.

Finalistek Zinemaldiaren esparruan defendatuko dute beren proposamena, Zinemaldia & Technology jardunaldian. Bost proiektu hauek dira: Flow Cut, Bizkaiko ekintzaile talde batek garatutako errealitate birtualeko proiektu bat; LargoAI, Suitzako startup batek adimen artifizialaren eremuan sustatutako ekimen bat; Shield, adimen artifizialaren alorreko beste proiektu bat, Arabako konpainia baten eskutik; Scenso.TV, Frantziako enpresa batek landutako blockchain-teknologiako aplikazio bat; eta Volograms, Irlandako enpresa baten proposamen berritzailea, errealitate areagotuko eta errealitate birtualeko edukiak sortzeko.

Bost finalistek Euskadiko Parke Teknologikoen sareko BIC (Business Innovation Center) batean urtebetez inkubazio-eremua lortzeko aukera izango dute, eta 500.000 euro arteko finantzaketa eskuratu ahal izango dute proiektua garatzeko. Irabazleak, gainera, 10.000 euroko saria eramango du. Epaimahai independente batek aukeratuko du saria zer proiekturi eman.

Irailaren 22an egingo da Zinemaldia & Technology-ren bigarren edizioa, Tabakaleran. Bost proiektu finalistak aurkeztu (pitching) eta sariak banatzeaz gain, eskola magistral bat eta lau aurkezpen eta enpresa-erakustaldi hartuko dira barnean.

Donostia Zinemaldiak, Tecnaliak, Tabakalerak (2deo ikus-entzunezkoen laborategiaren bitartez) eta Petronorrek antolatzen dute jarduera. Zinemaldia Startup Challenge lehiaketa, aldiz, jardueraren ekimen nagusia, Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, Garapen Ekonomikoko eta Azpiegituretako Sailaren bitartez; gainera, Vicomtech ikerketa aplikatuko zentroaren lankidetza ere jasoko du.

Europa Creativa MEDIAren laguntzaz, European Film Forumen bidez

Era berean, European Film Forum ekimenaren bitartez, Europa Creativa MEDIAren laguntza jasoko du jardunaldiak. Erakunde horrek Europako industria zinematografiko eta ikus-entzunezkoa indartzea du helburu.

Zinemaldia & Technology apustu estrategikoaren bitartez, teknologiari eta ikus-entzunezkoen industriari buruz hausnartzeko erreferentziazko espazio bihurtu nahi du Donostia Zinemaldiak.

 

FlowCut
 (Espainia)

Eremu teknologikoa: Errealitate areagotua

Proiektuaren deskribapena: Murgiltze-inguruneko bideo-editorea, errealitate areagotuko teknologietan oinarritutakoa. FlowCut® software-aplikazioak askatasun espazial eta geografiko osoz mugitzeko aukera ematen dio erabiltzaileari, bere ekipamendu fisiko guztiak gainean eraman beharrik gabe, gailu eramangarriekin soilik; estudio profesional bihur dezake edozein espazio, eta bertan askotariko formatuetan ikusi, editatu, ebaki eta esporta daiteke ikus-entzunezko materiala.


LargoAI
 (Suitza)

Eremu teknologikoa: Adimen artifiziala

Proiektuaren deskribapena: LargoAI-k bere teknologien bitartez egindako datu-analisiak ematen dizkio industria zinematografikoari, film arrakastatsuak egiteko errezetak identifikatzeko.


scenso.tv
 (Frantzia)

Eremu teknologikoa: Blockchain

Proiektuaren deskribapena: Ikus-entzunezko edukiaren kontratu-elementuak ziurtatzeko eta egiaztatzeko blockchain-protokoloak erabiltzea proposatzen duen  konponbide bat; hala, transakzio seguruak eta gardenak sustatzen ditu eduki hori banatzeko interesa duten alderdien artean.


Shield by Brave
 (Espainia)

Eremu teknologikoa: Adimen artifiziala

Proiektuaren deskribapena: Adina egiaztatzeko sistema bat, eduki digitalak banatzeko plataformetan txertatua. Segundo batean baino gutxiagoan eta modu anonimoan, adimen artifizialeko sistemak erabiltzailearen aurpegiera aztertzen du gailuko kameraren bitartez, eta zehazki mugatzen du haren adina. Beraz, helduentzat kalifikatutako edukia erakuts dezake edo, aldiz, halakoen emisioa blokeatu, online edukiak ardura handiagoz banatzen direla bermatzeko.


Volograms
 (Irlanda)

Eremu teknologikoa: Errealitate areagotua

Proiektuaren deskribapena: Volograms-ek edukiak sortzeko modua aldatu nahi du, bai 3D-ko, errealitate birtualeko eta errealitate areagotuko esperientzietan, bai bideo- eta zinema-ekoizpenean. Haren teknologiari esker, holograma bolumetriko (vologram) gisa grabatu daitezke pertsonak, eta edozein angelutatik eta gailutatik ikus daitezke; hala, edukian erabat murgiltzeko aukera ematen die hala ikusleari nola ekoizleari.




Ondorengoen babesarekin


© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea