tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Berriak > Costa-Gavras zuzendariaren zinema konprometitua omenduko du 67. Donostia Zinemaldiko Donostia sarietako batek
Costa-Gavras zuzendariaren zinema konprometitua omenduko du 67. Donostia Zinemaldiko Donostia sarietako batek
Greziar jatorriko frantses zuzendariak saria jaso ondoren, emanaldi berezia izango da: ‘Adults in the Room’, Yanis Varoufakisen oroitzapenen egokitzapena
Astelehena, 2019(e)ko abuztuaren 19

Costa-Gavras greziar jatorriko frantses zinemagileari emango zaio 67. Donostia Zinemaldiko Donostia saria, haren zinema konprometitua aitortzeko. Besteak beste, Z, Missing eta Le capital filmak egin ditu, eta, 2012an,Urrezko Maskorra lortzeko lehiara ekarri zuen azken hori. Zuzendariak irailaren 21ean jasoko du saria, Victoria Eugenia antzokian egingo den gala batean. Bertan ikusiko dugu haren azken film luzearen emanaldi berezia: Adults in the Room du izena, eta Yanis Varoufakis greziar Finantza-ministro ohiaren oroitzapenen egokitzapena da.

Adults in the Room: My Battle With Europe's Deep Establishment liburuan oinarritutako film horrek Veneziako Mostran izango du munduko estreinaldia. Varoufakisek bere agintaldi laburraren ostean atera zuen liburua argitara; izan ere, 2015eko lehenengo sei hilabeteetan egon zen karguan, Greziako finantza-krisi betean. Sinopsiak aditzera ematen duenez, filma “tragedia” bat da, hitzaren adiera klasikoan, eta “botere-sare gizagabe batean harrapatutako” pertsona batzuk irudikatzen ditu, “Greziari austeritatearen diktadura ezarri nahi dion Eurotaldearen bilera-gurpil bortitzean”.

Christos Loulis aktoreak hezurmamitu du Varoufakis eta, harekin batera, beste hauek aritu dira antzeztaldean:  Alexandros Bourdoumis, Alexis Tsipras lehen ministroaren paperean; Ulrich Tukur, Wolfgang Schaeuble Ekonomia-ministro federalaren rola betetzen; Josiane Pinson, Christine Lagarde Europako Banku Zentralaren buruzagia hezurmamitzen; eta Valeria Golino, Varoufakisen emazte Danae Stratourenak egiten.

Costa-Gavrasek berak adierazitakoaren arabera, “jaioterria ez da inoiz ahazten, batez ere, Grezia moduko herrialde bat bada”. “Nire gizarte-mailako gazteei demokrazia teokratiko baten mende egotea besterik eskaintzen ez zitzaielako egin nuen alde handik. Etorkin gisa, nire amets eroenak gainditzeko aukera eman zidan Frantziak. ‘Greziar’ sentimenduak berriz hartu ninduen koronelak botereaz jabetu zirenean. Z nire erresistentzia pertsonalaren adierazpena izan zen. Duela hamar urte, krisiak berriz hondoratu zuen herrialdea, ihes egitera bultzatu ninduen egoera berean utzi arte. Eta horregatik, noski, berriz azaldu nahi izan nuen nire amorrua Adults in the Room filma eginez” baieztatu du 2007tik Frantziako Zinematekaren buruan aritu den zinemagilea. Veneziako Mostrako hurrengo edizioan Jaeger-LeCoultre Glory to the Filmmaker saria ere jasoko du.
 

Zinema politikoaren adierazle handienetako bat

Azken mende erdiko zinema politikoaren eta salaketa sozialaren adierazle handienetako bat da Costa-Gavras. Zuzendu dituen hogei bat filmetatik, askok balio izan dute zauriak ukitzeko; besteak beste, diktadurak, garbiketa politikoak, arrazismoa eta finantza-munduak eragin dituen hondamendiak jorratu ditu. Baina, batez ere, botere politiko erabateko eta suntsitzaile baten makineria errukigabeari aurre egin behar dion banakoa da egile frantses-greziarraren filmografiaren gai nagusia.

Konstantinos Gavras 1933an jaio zen, Greziako Loutra-Iraias herrian, eta 22 urte zituenean utzi zuen sorlekua, Parisen kokatu eta Sorbonan Literatura ikasteko. Zinematografiako Goi-mailako Ikasketen Institutuan (IDHEC) gradua atera ondoren, frantses zuzendari nabarmenen esanetara aritu zen laguntzaile, besteak beste, René Clair, René Clément, Henri Verneuil, Jacques Demy, Marcel Ophüls, Jean Giono eta Jean Becker zinemagileekin.

Formatu luzean Compartiment tueurs (1965) filmarekin egin zuen debuta. Zuzendariaren hasierako filmetako ohiko bi antzezle izan ziren polizia-istorio horren protagonistak: Yves Montand eta Simone Signoret. Ondoren Un homme de trop (1967) egin zuen, taldean traidore bat dagoela uste duen frantses erresistentziako komando bati buruzkoa, eta atzetik iritsi zen Jorge Semprúnekin elkarlanean idatzitako hainbat filmetatik lehena: Z (1969), diputatu ezkertiar baten hilketari buruzko drama politiko saritua; hain zuzen, Epaimahaiaren Sari Berezia eta Jean-Louis Trintignantentzat aktore onenaren saria irabazi zituen Cannesko zinema-jaialdian, eta atzerriko film onenaren eta muntaketa onenaren Oscar sariak eraman zituen.

Beste lan aipagarri batzuk ere egin zituen garai hartan, gehienak liburuetatik egokituta: L’aveu (1971), 50eko hamarkadan Txekoslovakian izandako purga estalinistei buruzkoa; État de siege (1973), uruguaiar gerrilla batek bahitutako eta eraildako CIA agente baten gainean; Section Spéciale (1975), naziek okupatutako Frantzian egindako sasi-epaiketa baten kontakizuna, Costa-Gavrasi Cannesen zuzendari onenaren saria ekarri ziona, eta Clair de femme (1979), Romy Schneider eta Yves Montand protagonista dituen amodio-istorio bat.

Missing (1981) ingelesez filmatu zuen lehenengo arrakasta izan zen, eta harrezkero Frantziaren eta Estatu Batuen artean proiektuak txandakatzen hasi zen zinemagilea. Txileko estatu-kolpearen ondorengo uneetan girotutako thriller politiko horrek Urrezko Palma irabazi zuen Cannesen –Jack Lemmonen antzezpen dramatikoa ere saritu zuen zinema-jaialdi horrek– eta egokitutako gidoi onenaren Oscar saria eraman zuen.

Frantzian beste bi ekoizpen egin ondoren –Hanna K (1983) eta Conseil de famille (1985)–, Hollywoodera itzuli zen Joe Eszterhas-ek idatzitako bi thriller zuzentzera: Betrayed-ek (1987) Debra Winger eta Tom Berenger aktoreak bildu zituen AEBko arrazismoari kritika egiteko, eta Music Box-ek (1989) Urrezko Hartza lortu zuen Berlinen, Jessica Lange bere aita nazi kriminala dela jakingo duen abokatu baten paperean jarririk.

La petite apocalypse-rekin (1993) komedian sartu-irten ezohiko bat egin zuen zuzendariak, eta ondoren John Travolta eta Dustin Hoffman zuzendu zituen Mad City (1997) filmean, non langileak murrizteko kaleratutako segurtasun-zaindari batek zenbait lagun bahituko dituen. Amen (2001) filmaren bidez, Vatikanoa nazismoan isilik egon izana gaitzetsi zuen Ulrich Tukur eta Mathieu Kassovitz aktoreekin, eta Le couperet-en (2004) kaleratzen dutenean zirt edo zarteko plan bat egingo duen goi-exekutibo bati buruz hitz egin zigun, Donald Westlake idazlearen eleberri bat egokituta. Eden à l'Ouest-ek (2008), orain arte egin duen azken lanak, immigrazioa jorratzen du, eta Le capital (Sail Ofiziala, 2012), Gad Elmaleh eta Gabriel Byrne aktoreekin, finantza-munduaren neurrigabekeriei buruzko satira garratza da.

 

Adults in the Room
Costa - Gavras  (Frantzia - Grezia)
Antzezleak: Christos Loulis, Alexandros Bourdoumis, Valeria Golino, Ulrich Tukur, Josiane Pinson

Ate itxien atzean tragedia bat ari da gertatzen. Gaia unibertsala da: botere-sare gizagabean harrapatutako pertsona batzuen istorioa. Greziari austeritatearen diktadura ezarri nahi dion Eurotaldearen bilera-gurpil bortitzean, guztiz baztertu dira errukia eta gupida. Irteerarik gabeko tranpa klaustrofobiko horrek protagonistak hertsatzen eta, azken finean, banandu egiten ditu. Grezia klasikoaren garaiko tragedietan bezala: pertsonaiak ez dira ez onak ez gaiztoak; aitzitik, haien ustez zuzena denaren ondorioek bultzatzen dituzte. Gure garai modernorako tragedia bat.

Costa-Gavrasek irailaren 21ean jasoko du Donostia Saria Victoria Eugenia Antzokian eta 'Comportarse como adultos' filmeko proiekzioan parte hartuko du. Sarrerak Zinemaldiaren webgunean daude salgai jadanik 15 euroko prezioan.


Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea