tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Berriak > Penélope Cruzek Olivier Assayasen ‘Wasp Network’-en emanaldiaren aurretik jasoko du Donostia saria
Penélope Cruzek Olivier Assayasen ‘Wasp Network’-en emanaldiaren aurretik jasoko du Donostia saria
Jadanik salgai daude irailaren 27an Kursaal aretoan egingo den ekitaldirako sarrerak
Osteguna, 2019(e)ko abuztuaren 22

Irailaren 27an (22:00etan) Kursaalen egingo den galan, laneko ibilbide osoaren Donostia saria jasoko du Penélope Cruzek. Saria banatu ostean, Olivier Assayasen Wasp Network proiektatuko da; espainiar aktorea bera da filmaren protagonista. Ekitaldirako sarrerak jadanik salgai daude Zinemaldiaren webgunean, 45 euroko prezioan.

Wasp Network-ek Veneziako zinema-jaialdian izango du munduko estreinaldia. Frantzia, Brasil, Espainia eta Belgika arteko koprodukzio horrek, besteak beste, Edgar Ramírez, Gael García Bernal, Wagner Moura, Ana de Armas eta Leonardo Sbaraglia aktoreak bildu ditu antzeztaldean Penélope Cruzekin batera. Kubatar espioien sare bati 90eko hamarkada amaieran AEBn espiatzea eta erailtzea leporatu zitzaienekoa kontatuko digu filmak. Espainian, Wanda Vision eta Avalon enpresek banatuko dute.

Olivier Assayasek (Paris, 1955) Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zuen bere lehen film luzea, Désordre (1986). Harrezkero, Donostian hainbat sailetan parte hartu dute haren lanek. Fin aout, debut septembre (1998) Sail Ofizialean izan zen; Quartier des Enfants Rouges (2006, Paris, je t’aime talde-filmeko segmentua), Perlak sailean; Clean (2004), 2009ko Kontrauhina: Frantziako zinema berriena atzera begirakoan; eta L’heure d’été (2008) eta Après mai (2012), Veneziako zinema-jaialdiko gidoi onenaren saria irabazlea, Perlak sailean. Gainera, Cannesen zuzendari onenaren saria lortu zuen Assayasek Personal Shopper (2016) filmari esker.

«Oso pozik gaude Penélope Cruzek baietz esan diolako Donostia Zinemaldiaren irudi izateari eta Donostia saria jasotzeari. Aktore zoragarria da, asko miresten dugu eta, gainera, lanbidean hasi zenetik gertu-gertutik jarraitu ditugu haren urratsak»
José Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiko Zuzendaria
"Donostia Sariaren berri hau emozioz beteta eta Donostia Zinemaldiarekiko esker onez jaso dut, sekulako ohorea da niretzat. Zinemaldia ez da soilik nazioartean errespetu handia duen zinema-jaialdia, Espainiako garrantzitsuena ere bada. Gainera, maitasun berezia diodan lekua da, oso gaztetatik bertaratu naizelako eta oso une zirraragarriak bizi izan ditudalako bertan. Mila esker bihotz-bihotzez".
Penélope Cruz

 

Wasp Network
Olivier Assayas  (Brasil - Frantzia - Espainia - Belgika)
Antzezleak: Penélope Cruz, Edgar Ramírez, Gael García Bernal, Wagner Moura, Ana de Armas, Leonardo Sbaraglia

Habana, 90eko hamarkadaren hasiera. René González kubatar pilotuak, hegazkina lapurtu, eta Kubatik alde egingo du bere emazte eta alaba maiteak atzean utzirik. Miamin bizitza berria hasiko du. Laster, beste kubatar desertore batzuek jarraituko diote, eta espioi-sare bat jarriko dute martxan. Irlan eraso terroristak egin dituzten erakunde anticastristetan infiltratzea da haien misioa.


Penélope Cruzi emango zaion Donostia Sariaren sari-emate ekitaldia eta ondoren egingo den 'Wasp Network' filmaren proiekzioa irailaren 27an egingo da Kursaalen. Sarrerak jadanik salgai daude Zinemaldiaren webgunean, 45 euroren truke.


Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea