tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Berriak > Besteak beste, Affleck, Eggers, Koreeda, Larraín, Sciamma, Shinkai eta Soderbergh zuzendarien azken lanak erakutsiko ditu Perlak sailak
Besteak beste, Affleck, Eggers, Koreeda, Larraín, Sciamma, Shinkai eta Soderbergh zuzendarien azken lanak erakutsiko ditu Perlak sailak
Michael Angelo Covino zuzendariaren ‘The Climb’ komediak itxiko du saila lehiaketaz kanpo
Asteazkena, 2019(e)ko abuztuaren 21

Hamar film berri gehitu dira 67. Donostia Zinemaldiaren Perlak sailean: besteak beste, Casey Affleck, Robert Eggers, Hirokazu Koreeda, Pablo Larraín, Céline Sciamma, Makoto Shinkai eta Steven Soderbergh zinemagileen azken lanak. Gainera, The Climb-ek, Michael Angelo Covinok zuzendutako komediak, itxiko du saila lehiaketaz kanpo.

Hirokazu Koreedak (Tokio, 1962), 2018ko Donostia saridunak, La vérité aurkeztuko du, Veneziako Mostraren lehiaketari hasiera eman eta egun gutxitara. Zuzendariaren azken filmean, elkarri kontu-eskean ari diren ama-alaba batzuk hezurmamitu dituzte Catherine Deneuvek eta Juliette Binochek. Aurrez Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatua da zinemagilea, Wandafuru raifu (After Life, 1998), Hana yori mo naho (Hana, 2006), Aruitemo, aruitemo (Still Walking, 2008) eta Kiseki (Kiseki-I Wish, 2011, gidoi onenaren sariduna) filmekin. Gainera, bitan irabazi du Publikoaren saria, Soshite chichi ni naru (Like Father, Like Daughter, 2013) eta Umimachi Diary (Our Little Sister, 2015) filmei esker, hain zuzen.

Italiako zinema-jaialdian lehiatuko da, halaber, Steven Soderbergh (Atlanta, AEB, 1963), The Laundromat aurkeztuta. Meryl Streep, Gary Oldman eta Antonio Banderas dira filmaren protagonistak. Oraingoan, Panamako paperen inguruko trama bat aukeratu du Sex, Lies and Videotape (1989), Erin Brockovich (2000) eta Ocean's Eleven (2001) filmen egileak. Dirua paradisu fiskaletan gorde zuten pertsonaia garrantzitsu batzuei buruzko ikerketa da filmaren ardatza.

Pablo Larraínek (Santiago, Txile, 1976) Donostia Hiria Publikoaren Saria lortzeko lehian parte hartuko du Ema filmarekin. Halaber, Venezian lehiatuko da huts egindako adopzio baten ondorioei aurre egin behar dien bikote bati buruzko film luze hori. Azken hamarkadan, txiletar zuzendariak behin baino gehiagotan parte hartu du Horizontes Latinos sailean, Tony manero (2007), Post Mortem (2010) eta El club (2015) filmekin, eta Perlak sailera No (2012) eta Neruda (2016) ekarri zituen.

Ciro Guerra (Río de Oro, Kolonbia, 1981) ere Urrezko Lehoia lortzeko lehian izango da ingelesez egin duen lehen filmarekin; Waiting for the Barbarians du izena, eta J.M. Coetzeeren izen bereko eleberriaren egokitzapen bat da. Mark Rylance, Johnny Depp eta Robert Pattinson dira protagonistak, besteak beste. Kolonbiar zuzendariak aurretik egindako lan guztiak Donostian izan dira. La sombra del caminante filmak Zinema Eraikitzen saria irabazi zuen 2003an eta urtebete beranduago, New Directors sailean egon zen. Ondoren, Los viajes del viento (Horizontes Latinos, 2009), El abrazo de la serpiente (Horizontes Latinos, 2015) eta Pájaros de verano (Perlak, 2018) film luzeekin itzuli da.

Gainera, aurrez Cannesko zinema-jaialdian izandako zenbait lan ere bildu dira. Naissance des pieuvres (Un Certain Regard, 2007), Tomboy (Berlingo Panorama, 2011) eta Bande de filles (Errealizadoreen Hamabostaldia eta Perlak, 2014) aurkeztu ondoren, Céline Sciammak (Pontoise, Frantzia, 1980) Portrait de la jeune fille en feu ekarriko du, margolari baten eta haren modeloaren arteko harremanari buruzko istorio bat. Hari esker, gidoi onenaren saria irabazi zuen Frantziako lehiaketan. Un Certain Regard saileko aukeran, berriz, The Climb-ek parte hartu zuen. Michael Angelo Covino aktore eta ekoizleak zuzentzen duen lehen film luzea da. Bi gizonek barre-, tristura- eta haserre-urteetan zehar izandako adiskidetasunari buruzko istorio horrek itxiko du Perlak saila, lehiaketaz kanpo.

The Lighthouse Robert Eggers (Lee, AEB, 1983) zuzendariaren bigarren filma da, The Witch-en (2015) ondoren. Robert Pattinson eta Willem Dafoe protagonistek irla urrun batean bizi diren bi farozain antzeztu dituzte. Astiro, eromenera amiltzen hasiko dira biak. XIX. mende hasieran girotutako zuri-beltzeko film horrek Fipresci saria eskuratu zuen Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian. Sail horretan bertan, halaber, Label Europa Cinema saria jaso zuen Nicolas Pariserrek (Paris, 1974). Le grand jeu (2015) filmarekin hasi zen formatu luzean, eta Alice et le maire zuzendu du orain. Filmean, alkate zahar bat (Fabrice Luchini) filosofo bikain batekin (Anäis Demosutier) harremanetan jarriko da hutsune existentzialeko krisialdi bat gainditzeko.

Orobat, Berlingo Panoraman estreinatutako film bat hartuko du Perlak sailak. I’m Still Here (2010) lanarekin estreinakoz kamera atzean aritu ondoren, Casey Affleck (Falmouth, Massachusetts, AEB, 1975) aktoreak zuzendari- eta protagonista-lanak bete ditu Light of My Life filmean. Emakumeak ia-ia desagertu diren mundu batean zehar dabiltzan aita-alaba batzuei buruzkoa da. Azkenik, Japonian estreinatu eta gutxi barru Toronton emanaldia izan ondoren, Donostian Europako estreinaldia izango du Makoto Shinkairen (Nagano, Japonia, 1973) Tenki no ko / Weathering With You animazio-film berriak. Aurrez, besteak beste, Hoshi o ou kodomo / Children Who Chase Lost Voices (2011) eta Kimi no Na wa / Your Name (2016) lanak egin ditu zuzendariak; azken hori, gainera, Europako estreinaldia izan zen Donostiako Sail Ofizialean.

Hamar film horiek gehitu zaizkie jadanik jakinarazitakoei eta, hortaz, zuzendari hauen lanak osatuko dituzte: Kantemir Balagov (Beanpole), Alan Elliott eta Sidney Pollack (Amazing Grace), Bong Joon-Ho (Gisaengchung Parasite), Ken Loach (Sorry We Missed You), Ladj Ly (Les Misérables), Olivier Nakache eta Éric Toledano (Hors normes / The Specials), Oliver Laxe (O que arde / Fire Will Come)eta Wang Xiaoshuai (Di jiu tian chang / So Long, My Son).  Lan guztiak Donostia Hiria Publikoaren Sarietarako hautagai izango dira: film onenarena (50.000 eurokoa) eta Europako film onenarena (20.000 eurokoa).

 

The Climb
Michael Angelo Covino  (AEB)
Antzezleak: Michael Angelo Covino, Kyle Marvin, Gayle Rankin
Klausurako filma
Lehiaketatik kanpo

Kyle eta Mike oso harreman estua duten bi lagun min dira, harik eta Mike Kyleren andregaiarekin oheratzen den arte. The Climb-ek bi gizonen arteko harreman tirabiratsu baina iraunkorra kontatuko digu, barrez, oinazez eta haserrez jositako urteetan zehar. Haien arteko lotura estua lagun on guztien artean dauden (edo falta diren) mugei buruzko film aberats, bihozbera eta sarri barregarria bihurtu duten benetako adiskide batzuen istorioa ere bada.


Alice et le maire / Alice and the Mayor (Aliceren aholkua)
Nicolas Pariser  (Frantzia - Belgika)
Antzezleak: Fabrice Luchini, Anaïs Demoustier, Nora Hamzawi, Antoine Reinartz, Maud Wyler

Lyongo hiriko alkatea, Paul Théraneau, egoera zailean dago. Politikan 30 urte egin ondoren, ideiarik gabe geratzen hasia da, eta hutsune existentzial moduko bat bizi duela iruditzen zaio. Ezbehar horri aurre egiteko, Alice Heinmann filosofo bikaina kontratatzea erabakiko du. Bien artean garatuko den elkarrizketan, haietako bakoitzaren izaerak drastikoki aldatuko du mundua ikusteko eta ulertzeko duten modua. Label Europa Cinema saria Cannesko azken Errealizadoreen Hamabostaldian.


Ema
Pablo Larraín  (Txile)
Antzezleak: Mariana di Girolamo, Gael García Bernal, Paola Giannini, Santiago Cabrera

Gertakari traumatiko batek bere familiako bizitza eta koreografo odolbero batekiko ezkon-harremana kolokan jarri ondoren, bere burua askatzeko odisea batean abiatuko da Ema reggaeton-dantzaria, arteari, desioari eta familia modernoari buruzko drama subertsibo honetan.


La vérité / The Truth
Hirokazu Koreeda  (Frantzia - Japonia)
Antzezleak: Catherine Deneuve, Juliette Binoche, Ethan Hawke

Fabienne Frantziako zinemako izar bat da. Maite eta miresten duten gizonez inguratuta bizi da: bikotekide berria, senar ohia, agentea… Bere oroitzapenak argitaratzea erabakiko du, eta bere alaba, Lumir, New Yorketik itzuliko da, han bizi baita familiarekin. Elkartu orduko liskarrean hasiko dira ama eta alaba: elkarri egiak esan eta kontuak eskatuko dizkiote, eta maitasunaz eta erresuminaz hitz egingo dute. 


Light of My Life
Casey Affleck  (AEB)
Antzezleak: Casey Affleck, Elisabeth Moss, Anna Pniowsky

Aita-alaba batzuk, emakumeak ia-ia desagertu diren mundu batean. Kontakizun honek gehiegi babesten duen aita bati buruz hitz egingo digu, agerian utzirik zein zaila den seme-alabak heztea eta haiei bizitzen irakastea, egun batean bakarrik hegan egin ahal izan dezaten.


Portrait de la jeune fille en feu / Portrait of a Lady on Fire
Céline Sciamma  (Frantzia)
Antzezleak: Adèle Haenel, Noémie Merlant, Valeria Golino

Frantziako Bretainia, 1770. Mariannek Héloïseren ezkontza-erretratua margotu beharko du neskak komentua utzi eta gutxira. Héloïsek ez du onartuko halabeharrez ezkondu behar duenik, eta erretraturako paratzeari uko egingo dio. Beraz, Mariannek ezkutuan lan egin beharko du. Horretarako, konpainiako damatzat aurkeztuko da, hala egunez begiratu eta gauez margotzeko. Héloïsek ezkondu aurretik dituen azken askatasun-uneak elkarrekin eman ahala, gero eta biziagoa bihurtuko da haien arteko harremana.


Tenki no ko / Weathering With You
Makoto Shinkai  (Japonia)

Institutuko lehen urtea, uda. Aldirietako irla batean, Hodaka etxetik joango da Tokion kokatzeko. Laster txirotuko da, ordea, eta bakardade-egun askoren ondoren azkenean lana aurkituko du okultismoko aldizkari dudagarri bateko freelance idazle gisa. Egunak joan eta egunak etorri, etengabe ari du euria, Hodakaren bizitza itxuratuz bezala. Hala ere, hiri handi eta jendetsuan batetik bestera dabilela, neska bat ezagutuko du. Hina gazte alai eta irmoa da, eta neba txikiarekin bakarrik bizi da inguruabar jakin batzuengatik. Hark ere botere bitxi bat du. “Guztia argituko da orain”. Apurka-apurka, atertu egingo du eta hiriko paisaiak distira ederra agertuko du. Besterik gabe otoitz eginez, zerua garbitu dezake Hinak…


The Laundromat
Steven Soderbergh  (AEB)
Antzezleak: Meryl Streep, Gary Oldman, Antonio Banderas, Sharon Stone

Aseguru-iruzur bat ikertzen, Panama Hiritik finantza-munduaz baliatzen ari diren bi abokaturenganaino iritsiko da alargun bat.


The Lighthouse
Robert Eggers  (AEB - Kanada)
Antzezleak: Robert Pattinson, Willem Dafoe

Ingalaterra Berriko kostaldeko irla urrun batean, ekaitz itxuraz amaigabe batean harrapatuta eta isolatuta, elkarrekin liskar gero eta zakarragoetan nahasiko dira bi farozain. Bien arteko tirabirak larritu ahala, badirudi benetako nahiz ustezko indar misteriotsu batzuk jabetu direla haietaz.


Waiting for the Barbarians
Ciro Guerra  (Italia)
Antzezleak: Mark Rylance, Johnny Depp, Robert Pattinson, Gana Bayarsaikhan

Magistratuak, inperio izengabe bateko mugan isolatutako kokaleku bateko administratzaileak, erretiro lasaia izan nahi du. Halako batean, ordea, Joll koronela iritsiko da, 'barbaroen' jardueren eta mugako segurtasun-arazoen berri emateko. Jollek galdeketa errukigabeak egingo ditu. Koronelak 'barbaroei' ematen dien tratamendua eta gazte “barbaro” baten tortura bateratzen direnean, kontzientzia-krisia sortuko zaio magistratuari, eta ekintza kixotesko baten bidez matxinatuko da.

Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea