tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Berriak > Sarah Gavron, Sonthar Gyal, Malgorzata Szumowska, Gonçalo Waddington, Alice Winocour eta Paxton Winters batu dira 67. Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko lehiara
Sarah Gavron, Sonthar Gyal, Malgorzata Szumowska, Gonçalo Waddington, Alice Winocour eta Paxton Winters batu dira 67. Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko lehiara
Hamazazpi ekoizpenek parte hartuko dute Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehiaketan
Osteguna, 2019(e)ko abuztuaren 22

Zinema garaikideko europar zuzendari garrantzitsuenetako hiru, portugaldar aktore ezagun baten lehenengo lana, estatubatuar zuzendari baten bigarren lana, eta gaur egungo txinatar zinemagile interesgarrienetako baten azken filma gehitu dira 67. Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko hautagaien zerrendan.

Sarah Gavronen (Erresuma Batua, 1970) lehenengo lana, Brick Lane, Zuzendari Berriak saileko aukeran sartu zen 2007an. Village at the End of the World (2012) ez-fikzioko filmean zuzendarikide aritu ondoren, Suffragette (2015) saritua egin zuen. Theresa Ikoko eta Claire Wilson gidoilariek idatzi dute Rocks, Ikokoren istorio batean oinarrituta, nerabe baten istorioa kontatzeko; neba txikiarekin bakarrik bizi da, agintariek horren berri izanez gero bananduko ote dituzten beldurrez.

Sonthar Gyal (Txina, 1974) Locarnon lehiatu zen bere lehenengo filmarekin (Dbus lam gyi nyi ma / The Sun Beaten Path, Cineasti del Presente, 2011) eta Berlinen, berriz, bigarrenarekin (Gtsangbo / River, Generation KPlus, 2015). Iaz Ala Changso egin zuen, eta Shangain Epaimahaiaren Sari Berezia eta gidoi onenaren saria eskuratu zituen lan horri esker. Lhamo and skalbe film berrian, iraganeko kontuak direla-eta ezkondu ezin den bikote bat da protagonista.

Malgorzata Szumowskaren (Krakovia, 1973) 33 sceny z zycla (2008) filmak Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen Locarnon, eta Zinemaldiko Eastern Promises atzera begirakoan parte hartu zuen orobat. 2015ean, Cialo (2015) zuzendu, eta Berlinen Zilarrezko Hartza eta Europako Zinema Sarietan Publikoaren saria irabazi zituen. Iaz, berriz, Berlingo Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso zuen Twarz / Mug (2018) filmari esker. The Other Lamb filmean ere nerabe bat da ardatza: erlijio alternatibo baten jarraitzaile sutsua da.

Portugalen dramagile eta antzezle gisa ibilbide luze eta arrakastatsua egin ondoren (besteak beste, Tiago Guedes eta Ivo Ferreira zinemagileekin lanean), Gonçalo Waddington (Lisboa, 1977) estreinakoz aritu da formatu luzean zuzendari. Patrick filmean, txikitan bahitutako nerabe baten istorioa kontatuko du.

Alice Winocourek (Paris, 1976) Cannesen aurkeztu zituen bere lehen bi filmak: lehena, Augustine, Kritikaren Astean (2012), eta bigarrena, Maryland / Disorder, Un Certain Regard sailean. Gainera, Mustang filmari esker jatorrizko gidoi onenaren Cesar saria irabazi zuen. Proxima-n, Matt Dillon eta Eva Green zuzendu ditu; hain zuzen, zazpi urteko alabarekin bakarrik bizi den astronauta bat hezurmamitu du Greenek.

Paxton Wintersek (Texas, AEB, 1972) Crude (2003) filmarekin egin zuen debuta, eta Seattlen eta Los Angelesen saritu zuten. Brasilen ekoiztutako Pacified-ek nerabe baten eta espetxetik atera berri den trafikatzaile baten arteko adiskidetasuna kontatuko digu, Brasilgo Joko Olinpikoetan favelen gainean ezarritako polizia-kontrola harturik atze-oihaltzat.

Sei film horiek gehitu dira duela zenbait egun jakinarazitakoen zerrendan. Hala, zuzendari hauen azken lanak osatuko dituzte: Alejandro Amenábar (Mientras dure la guerra), Louise Archambault (Il pleuvait des oiseaux), Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga (La trinchera infinita), James Franco (Zeroville), Belén Funes (La hija de un ladrón), Roger Michell (Blackbird), Guillaume Nicloux (Thalasso), José Luis Torres Leiva (Vendrá la muerte y tendrá tus ojos), Ina Weisse (Das Vorspiel), Adilkhan Yerzhanov (A Dark-Dark Man) eta David Zonana (Mano de obra). Guztira, hamazazpi ekoizpen lehiatuko dira Urrezko Maskorra lortzeko. Gainera, lehiaketaz kanpo parte hartuko dute François Girardek (The Song of Names), Sail Ofiziala itxiko duen filmarekin, eta Daniel Sánchez Arévalok (Diecisiete), eta Sebastián Borenszteinen La odisea de los giles-ek emanaldi berezia izango du. 

 

La mu yu ga bei / Lhamo and Skalbe
Sonthar Gyal  (Txina)
Antzezleak: Sonam Nyima, Dekyid , Sechok Gyal

Lhamok eta Skalbek ez dute ezkontzerik lortuko, Skalbek jadanik ezkontza bat erregistratuta duela jakingo baitute. Oroitzapenak bat-batean itzuliko dira Skalbe Cuoyehe emazte ohiaren bila abiatzen denean. Duela lau urte ezkon-hitza hautsi zuenean Cuoyehek bizitza sekularrari uko egin ziola aurkituko du, ordea. Cuoyehe erlijiosoa izateak asko zailduko ditu Skalberen dibortzio-saioak. Bestalde, Lhamo urrundu egingo da. Gesar erregearen epopeia izeneko opera tibetar bat entseatzeko presiopean, Lhamok pertsonaia nagusia hezurmamituko du: Ngada Namo, infernura eroriko den emakume 'pekataria'. Lhamok pertsonaia begitan hartu ahala, ezkontzari dion beldurra ere azaleratzen hasiko da, bihotzaren sakonean ezkutatuta duen sekretu batetik.


Pacificado / Pacified
Paxton Winters  (Brasil)
Antzezleak: Bukassa Kabengele, Cassia Gil, José Loreto, Débora Nascimento

Tatik, 13 urteko neska barnerakoi batek, zailtasunak izango ditu Jaca aita urrunarekin konektatzeko, aita Olinpiaden ondorengo egun nahasietan espetxetik atera eta gero. Polizia Baketzailea Rioko inguruko faveletako okupazio ahulari eusteko ahaleginetan ari den bitartean, etorkizunerako dituzten itxaropenak kolokan jartzen dituen borrokaren erdian aurrera egin beharko dute Jacak eta Tatik. Paxton Winter gidoilari eta zuzendaria zazpi urtez aritu da Morro dos Prazereseko komunitatearekin elkarlanean Pacificado / Pacified filma sortzeko; hala, barrutik, etxetzat duten hiriko gudu-zelai beti aldakorrean bake bila ari den familia baten erretratu indargarria egin du.


Patrick
Gonçalo Waddington  (Portugal - Alemania)
Antzezleak: Hugo Fernandes, Teresa Sobral, Carla Maciel, Alba Baptista

Mário, 1999ko udaberrian Portugal erdialdean bahitutako 8 urteko mutil bat, 12 urte geroago agertuko da Parisko espetxe batean. Desagerraldiak sekretu lazgarri bat eta pertsonaia misteriotsu horren konplexutasun guztiak ezkutatzen ditu.


© Carole Bethuel
Proxima
Alice Winocour  (Frantzia - Alemania)
Antzezleak: Eva Green, Matt Dillon, Zélie Boulant-Lemesle

Sarah Koloniako Europako Espazio Agentzian entrenatzen ari den frantses astronauta bat da. Programa zorrotz horretako emakume bakarra da. Stellarekin bakarrik bizi da, zazpi urteko bere alabarekin. Sarah errudun sentitzen da alabarekin denbora gehiago eman ezin duelako. Haren maitasuna egundokoa da, aztoragarria. Sarah aukeratzen dutenean “Proxima” izeneko urtebeteko espazio-misio bateko tripulazioan parte hartzeko, kaosa sortuko da amaren eta alabaren arteko harremanean.


Rocks
Sarah Gavron  (Erresuma Batua)
Antzezleak: Bukky Bakray, Kosar Ali, D'angelou Osei Kissiedu, Shaneigha-Monik Greyson, Ruby Stokes, Tawheda Begum, Anastasia Dymitrow, Afi Okaidja, Sarah Niles

Rocks nerabeak etorkizunerako amets handiak eta lagun leial eta dibertigarriak ditu, baita anaia txiki maitekor baina apur bat bihurria ere, Emmanuel. Rocksek gustuko du eskola (beste edozein nerabek adina), eta bizitza betea eta zirraragarria darama East Londonen bere lagunekin batera. Rocksen mundua hankaz gora jarriko da eskolatik iritsi eta ama joan egin dela aurkitzen duenean. Diru apur bat eta sentitzen duela azaltzeko ohar bat besterik ez ditu utzi. Anaiarekin geratzera eta kosta ahala kosta harrera-sisteman ez sartzera erabakita, etxetik joan eta auzoko zokoetan ezkutatuko da Rocks. Egunak gogortu eta sekretua ezkutatzeko zailagoa bihurtu ahala, maite duten pertsonak urrunduko ditu Rocksek, eta haren lagunartean arrailak agertuko dira. Agintariek azkenean aurkitzen dutenean, talde bakar batengana jo ahal izango du babes bila: lagunengana. Gaztaroko bizipozari, erresistentzia-ahalmenari eta espirituari buruzko film bat.


The Other Lamb
Małgorzata Szumowska  (Irlanda - Belgika - Polonia - AEB)
Antzezleak: Raffey Cassidy, Michiel Huisman, Denise Gough

Selah Artaldea izeneko erlijio alternatibo batean jaiotako neska bat da. Kideak –guztiak emakumeak eta neskak– landa-eremuko barruti batean bizi dira, Artzaina deritzon gizon baten gidaritzapean. Selah nerabezaroaren ateetan dago, eta sinestun erabat sutsua da, baina Sarahrekin harreman estua izaten hasiko da. Sarah baztertutako emazte bat da, eta gero eta eszeptizismo handiagoz hartzen ditu Artzainaren irakaskuntzak. Selahri arkumeen erditze-erritual sakratuan parte hartzen utziko diote: ohore handia da, bizirik ateratzeko horien mendean baitaude emakumeak. Han, esperientzia eraldatzaile bortitza biziko du. Bere errealitatea eta Artzainak berari eta bere ahizpei irakatsitako guztia zalantzan jarraraziko dioten irudipen bitxiak izaten hasiko da orduan.

Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea