tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Berriak > Donostia Zinemaldiak Donald Sutherlandi emango dio Donostia saria, mende erdian zehar egin duen antzezpen-lan bikainaren omenez
Donostia Zinemaldiak Donald Sutherlandi emango dio Donostia saria, mende erdian zehar egin duen antzezpen-lan bikainaren omenez
Saria banatu ostean, Giuseppe Capotondi zuzendariaren `The Burnt Orange Heresy’ film beltza proiektatuko da
Astelehena, 2019(e)ko abuztuaren 26

Donald Sutherland kanadarrari emango zaio Donostia saria, mende erdian zehar egin duen antzezpen-lan bikaina aitortzeko. Orotara, 200 bat ekoizpenetan hartu du parte aktoreak. Irailaren 26an (osteguna) 67. Donostia Zinemaldira bertaratuko da Kursaalen saria jasotzera. Ondoren, Giuseppe Capotondik zuzendutako The Burnt Orange Heresy thrillerraren emanaldia izango da. Lan horretan, Mick Jagger, Claes Bang eta Elizabeth Debicki aktoreekin batera aritu da Sutherland. Filmak Veneziako zinema-jaialdia itxiko du aurten.

c Sutherland gai da hala protagonista denean nola antzeztaldean gailentzeko, eta talentu handiz hezurmamitu ditu dozenaka pertsonaia, generoa edozein izanik ere: drama, gerra-zinema, thrillerra, beldurrezko zinema nahiz zientzia fikzioa. Ez da inoiz izan Oscar sarirako hautagai egin dituen paper ugariengatik, baina 2017an ohorezko Oscarrarekin omendu zuten lanbidean egin duen ibilbide osoa. Gainera, 1978an Kanadako Ordenako ofizialtza bereganatu zuen, eta aurten bertan Kanadako ohore handiena esleitu diote, Kanadako Ordenako kide izendatuta.

Donald McNichol Sutherland 1935ean jaio zen, Saint Johnen (New Brunswick, Kanada). Ingeniari izateko asmotan zegoen, baina azkenean antzezpenaren alde egin zuen hautu, eta telesail ugaritan parte hartuz hasi zen lanean: horien artean, The Saint eta The Avengers nabarmendu daitezke. Pantaila handian, Il castello dei morti vivi (Warren Kiefer, 1964) Italiako izu-filmean egin zuen debuta, Christopher Leerekin batera. Lehenengo arrakasta Robert Aldrichen The Dirty Dozen (Urkamendiko hamabiak, 1967) gerra-ekoizpen klasikoarekin lortu zuen, Lee Marvin, Charles Bronson eta Telly Savalas aktoreen alboan. Genero berean, M.A.S.H. (Robert Altman, 1970), Kelly’s Heroes (Brian G. Hutton, 1970) eta Johnny Got His Gun (Dalton Trumbo, 1971) filmetan protagonista aritu zen ondoren.

Detektibe pribatua izan zen Klute-n (Alan J. Pakula, 1971), eta Jane Fondak Oscar saria irabazi zuen film horri esker; libertino limurtzailearen papera bete zuen Il Casanova di Federico Fellini filmean (Federico Fellini, 1976); Attila Mellanchini faxista zitalari aurpegia jarri zion Novecento (Bernardo Bertolucci, 1976) artelan historikoan; eta rol nagusia antzeztu zuen Invasion of the Body Snatchers (Philip Kaufman, 1978) film aztoragarrian.

Hurrengo hamarkadan ere film luze nabarmengarriak egin zituen: Ordinary People-n (Jende arrunta, Robert Redford, 1980) senide baten heriotzak jotako familia baten burua antzeztu zuen; eta Eye of the Needle-n (1981), berriz, nazi espioi bat. Ondoren egin zituen lanetan izar handiak izan zituen alboan: besteak beste, Al Pacino (Revolution, Hugh Hudson, 1985), Sylvester Stallone (Lock Up, John Flynn, 1989) eta Marlon Brando eta Susan Sarandon (A Dry White Season, Urtaro zuri lehorra, Euzhan Palcy, 1989).

Orobat, JFK (Oliver Stone, 1991) filmeko antzeztalde apartan aritu zen, Mr. X hezurmamituz; hau da, Garrison fiskalari (Kevin Costner) Kennedy presidentearen hilketari buruzko informazio konfidentziala eskaini zion pertsonaia. Piromano ohia izan zen Backdraft-en (Ron Howard, 1991); Kristy Swansonen mentorea Buffy the Vampire Slayer filmean (Fran Rubel Kuzui, 1992) eta Demi Mooreren babeslea Disclosure-n (Barry Levinson, 1994). Garai hartan zinemagile gailenen esanetara aritu zen, halaber. Horren erakusgarri dira Wolfgang Petersen (Outbreak, Izurria, 1995), Joel Schumacher (A Time to Kill, 1996) eta John Turteltaub (Instinct, 1999).

Space Cowboys (2000) filmean, jantzi espaziala soinean jarri eta astronauta beterano batzuei buruzko istorio batean protagonista izan zen Tommy Lee Jones, James Garner eta filmaren zuzendari Clint Eastwoodekin batera. Hamarkada horretan egin zituen, horrez gain, The Italian Job (F. Gary Gray, Belodromoa, 2003) filmaren remakea; Cold Mountain drama (Anthony Minghella, 2003), Renée Zellwegerri Oscar saria eman ziona, eta Pride & Prejudice (Joe Wright, 2005) eleberriaren egokitzapen berria.

Donald Sutherlandek azkenaldian bete duen rol ezagunenetako bat Snow presidentearena da, bilau nagusia hezurmamitu baitu Jennifer Lawrence aktorea buruan lau film eman dituen The Hunger Games sagan. La migliore offerta-n (Giuseppe Tornatore, 2013) Geoffrey Rush izan zuen antzezkide eta Forsaken (Jon Cassar, 2015) western filmean bere benetako seme Kiefer Sutherlanden aitarena egin zuen. Duela bi urte, Sutherland eta Helen Mirren protagonista dituen The Leisure Seeker (Paolo Virzi, 2017) filmaren emanaldia hartu zuen Perlak Sailak eta, aste honetan bertan, James Gray zuzendariak Veneziako zinema-jaialdian aurkeztuko du Ad Astra, kanadar antzezlearen azken lanetako bat. Besteak beste, Brad Pitt, Tommy Lee Jones eta Liv Tyler aktoreez inguratuta ikusiko dugu bertan.

Telebistan, Nicole Kidmanekin The Undoing filmatzen dabil egun, David E. Kelleyk idatzitako eta Susanne Bierrek zuzendutako sei ataleko minisail bat. Oraintsu ere, J. Paul Getty hezurmamitu du Danny Boyle zuzendariaren Trust (2018) telesailean. Antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren Emmy saria eta Urrezko Globoa irabazi zituen HBOren Citizen X filmean egindako lanagatik, eta Urrezko Globoa irabazi zuen, halaber, Path to War (2002) drama historikoan Lyndon B. Johnson presidentearen aholkularia, Clark Clifford, antzezteagatik, John Frankenheimerren zuzendaritzapean. Pantaila txikirako egin dituen beste lan batzuen artean, nabarmentzekoak dira Crossing Lines (2013-2015) akzioko telesaila eta Ken Folleten The Pillars of the Earth best-sellerraren egokitzapena (2010).

Donald Sutherlandek irailaren 26an jasoko du Donostia saria, 22:00etan Kursaalen, eta ekitaldi berean The Burnt Orange Heresy proiektatuko da. Espainian, Filmax-ek banatuko du filma. Sarrerak Zinemaldiaren webgunean salgai daude jadanik 45 euroko prezioan.

 

The Burnt Orange Heresy
Giuseppe Capotondi  (AEB)
Antzezleak: Claes Bang, Elizabeth Debicki, Mick Jagger, Donald Sutherland

Italia, gaur egun. James Figueras arte-kritikariak harreman bat du Berenice Hollis estatubatuar erakargarri eta interesgarriarekin. James bere anbizioak xarmaz mozorrotzen dituen ohiko antiheroia da; Berenice, aldiz, Europan zehar bidaiatzen ari den neska xalo bat, nahi duena izatearen askatasunaz gozatzen duen bitartean. Maitale berriak Cassidy arte-bildumariaren finka zoragarri eta oparora joango dira bidaian. Cassidy Como Lakuan bizi da, eta Jerome Debney margolari bakarti eta zeharo preziatuaren babeslea da. Plan bat proposatuko dio Jamesi: Debneyren maisulana lapurtzea. Debney mitikoarekin denbora eman ahala, bikotea konturatuko da, artistari eta aginduta duten misioari dagokienez, ezer ez dela dirudiena. Baina James anbizio handiko gizona da eta aurrera eramango du plan zitala, xantai, sute, lapurreta, erailketa eta guzti.

Donald Sutherlandi emango zaion Donostia Sariaren sari-emate ekitaldia eta ondoren egingo den 'The Burnt Orange Heresy' filmaren proiekzioa irailaren 26an egingo da Kursaalen. Sarrerak jadanik salgai daude 45 euroren truke.

Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea