tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Berriak > Donostia Zinemaldiak eta Amenabar enpresak haurrentzako sei film aurkeztuko dituzte
Donostia Zinemaldiak eta Amenabar enpresak haurrentzako sei film aurkeztuko dituzte
Donostia Zinemaldiaren kolaboratzaile ofizial berria da enpresa
Asteartea, 2019(e)ko irailaren 3

Donostia Zinemaldiaren 67. edizioak berariaz haurrentzat egindako filmen aukera bat aurkeztuko du. Amenabar enpresak, Zinemaldiaren kolaboratzaile ofizialak, babestuko du saila, Amenabar Family zerbitzuaren bitartez.

Sei animazio-film bilduko ditu sailak: Lego unibertsoan girotutako film arrakastatsuaren bigarren zatia, Lego Filma 2; Oin handiren semea Europako koprodukzioa; Aardman estudioen film berria, Harpetarra, Nick Park lau Oscar sariren irabazleak zuzendua; Asterix, edabe magikoaren sekretua abentura berria; Udare erraldoiaren istorio harrigarria Danimarkako filma; eta Ploey, Kristiansandeko haurren nazioarteko zinema-jaialdian (Norvegia) film onenaren saria irabazi duen Islandia eta Belgika arteko koprodukzioa.

Zinemaldian zehar, asteburuetan familia osoarentzako saioak programatuko dira hiriko zenbait zinema-aretotan. Film guztiak euskarara bikoiztuta emango dira, Zineuskadiren laguntzari esker, Zinema euskaraz programaren esparruan. Donostia Zinemaldiak hiru hamarkada baino gehiago egin ditu Haurrentzako zinema sailaren bitartez zinea txikienei hurbiltzen. Bereziki ikusle-belaunaldi berrientzat euskaraz bikoiztutako filmez osatuta dago saila.

Amenabar Espainiako sustatzaile liderretako bat da, eta 38 urtetik gorako ibilbidea du eraikuntzan. Enpresa sustatzailea eta eraikitzailea izateaz gain, baditu taldean baliabide propioak dituzten beste enpresa batzuk ere (harrobia, asfaltoa, talde teknikoak, eta laginketa-fabrikak, beste batzuen artean). Sustapenean eta eraikuntzan espezializatuta, eta 24.500etik gora etxebizitza eraiki izanak ematen duen eskarmentuarekin, egun 72 sustapen baino gehiago ditu Espainian. Gainera, Amenabarrek eraikin enblematikoak egin ditu: besteak beste, Donostiako Kursaal, Basque Culinary Centre, Biodonostia Osasun Ikerketako Institutua, Tabakalera eta San Telmo museoa. Aurtendik aurrera, Donostia Zinemaldiaren kolaboratzaile ofizial berria da Amenabar.

 

Asterix, edabe magikoaren sekretua / Asterix: The Secret of the Magic Potion
Louis Clichy, Alexandre Astier  (Frantzia)

Zuhaitz batetik bestera mihura bila ari dela, halako batean, Panoramix druida lurrera eroriko da. Han etzanda hausnartzen hasiko da. Orkatila bihurritu du, baina askoz okerragoa izan zitekeen! Berak ezin balu, nork prestatuko luke neurrigabeko indarra ematen duen edabe magiko garrantzitsua? Asterixek eta Obelixek lagunduta, Galia osoan zehar bidaiatuko du druida trebe baten bila, hari edabe magikoaren errezetaren sekretua jakinarazteko eta, hala, bere herrixkaren etorkizuna ziurtatzeko.


Udare erraldoiaren istorio harrigarria / The Incredible Story of the Giant Pear
Philip Einstein Lipski, Jørgen Lerdam, Amalie Næsby Fick  (Danimarka)

Villasol herrixkan bi lagun bizi dira: Sebastián izeneko elefantea eta Micho izeneko katua. Sebastián, Micho eta Villasoleko herritarrak oso triste daude haien alkate maitea, Jerónimo Braulio Severin Olsen, desagertu egin delako. JBren faltan, Chist alkateordea jabetu da botereaz. Bere udal zitalak ilunpetan du herrixka, eta itxura denez JBren karguan betiko geratu nahi du Chistek.


Harpetarra / Early Man
Nick Park  (Erresuma Batua)

Dug harpetarra eta Urde basurdea dira Aardman estudioen abentura berri honetako protagonistak. Bi zibilizazio, Harri Arokoa eta Brontze Arokoa, historian bitartetxoa izateko lehiatuko dira. Nola? Bada, arbasoek erakutsi bezala: historiako futbol-partida epikoena eginez!


Ploey / Ploey: You Never Fly Alone
Árni Ásgeirsson  (Islandia - Belgika)

Txori gazte batek hegan egiten ikasteko arazoak ditu; horregatik, negua iritsitakoan, ezingo du familiarekin migratu leku beroago batera. Adiskideen laguntzari esker, gai izango da etsaiz betetako mundu batean aurrera ateratzeko.



Lego Filma 2 / The Lego Movie 2: The Second Part
Mike Mitchell  (AEB - Danimarka - Australia)

Bost urte igaro dira gertakari sinestezin haiez geroztik, eta herritarrek beste mehatxu itzel bati egin beharko diote aurre: Lego Duplo inbaditzaileak kanpo-espaziotik datoz, berreraiki daitekeena baino bizkorrago suntsituz guztia. Haiek garaitzeko eta Lego Unibertsoan harmonia berrezartzeko borrokak esploratu gabeko mundu urrunetara eramango ditu Emmet, Lucy, Batman eta haien lagunak.


Oin handiren semea / Bigfoot Junior
Ben Stassen, Jeremy Degruson  (Belgika - Frantzia)

Adam, 13 urteko mutil xelebre bat, misio ausart eta epiko batean abiatuko da aspaldi desagertu zen aitaren atzean gordetzen den misterioa argitzeko. Laster konturatuko da kondairako Oin Handi ezaguna dela bere aita.

Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea