tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Berriak > ‘Mishima: A Life in Four Chapters’, ‘Dao ma zei / The Horse Thief’ eta ‘Sátántangó’ klasiko modernoak berrikusteko aukera emango du Klasikoak sailak
‘Mishima: A Life in Four Chapters’, ‘Dao ma zei / The Horse Thief’ eta ‘Sátántangó’ klasiko modernoak berrikusteko aukera emango du Klasikoak sailak
Paul Schrader, Tian Zhuangzhuang eta Béla Tarr zinemagileen lanak zaharberritutako bertsioan proiektatuko dira
Asteartea, 2019(e)ko abuztuaren 27

Aurten hiru klasiko modernok osatuko dute Klasikoak saila: Paul Schraderren Mishima: A Life in Four Chapters (1985); Tian Zhuangzhuangen Dao ma zei / The Horse Thief (1986) eta Béla Tarren Sátántangó (1994). Iazko Ladri di biciclette / Bicycle thieves (1948) filmaren emanaldiaren ondotik, hirura handituko da zaharberritutako bertsioetan Tabakaleran berrikusi ahal izango diren filmen kopurua. 

Cannesen ekarpen artistiko onenaren saria irabazi zuen Mishima: A Life in Four Chapters filmaren lehen proiekzioa irailaren 24an izango da 19.00etan. Yukio Mishima (1925-1970) irudikatzen duen film horretan, Ken Ogatak hezurmamitu zuen idazle eta dramagile japoniarra. Paul Schrader (Grand Rapids, Michigan, EEUU, 1946) nia, artea eta gizartea harmoniaz bateratzen saiatu zen gizonaren barne-zurrunbilora eta kontraesanetara hurbildu zen. Zuzendariak kamera atzean egindako bosgarren filma izan zen, baina aurrez ibilbide nabarmena egina zuen gidoiak idazten, besteak beste, Yakuza (Sidney Pollack, 1974), Taxi Driver (Martin Scorsese, 1976) eta Raging Bull (Toro salvaje, 1980) filmetan. Zuzendu dituen lanen artean, American Gigolo (1980), Affliction (1997) eta First Reformed (2017) aipa daitezke.

Irailaren 27an, 16.00etan, The Horse Thief film luzeko lehen proiekzioa izango da. Tibetar baten bizitza gorabeheratsuaren berri emango digu; familiari mantenua eramateko ahaleginetan ari dela, zaldi bat lapurtzen aurkitzen dutenean, tributik kanporatuko dute. Tian Zhuangzhuang (Beijing, Txina, 1952) bere belaunaldiko txinatar zinemagile garrantzitsuenetako bat da. Bereak dira, besteak beste, Hong xiang (The Red Elephant, 1982), Lan feng zheng (The Blue Kite, 1993) eta Xiao cheng zhi chun (Springtime in a Small Town, 2002) filmak.

Sátántangó-n, László Krasznahorkai idazlearen izen bereko eleberrian oinarritu zen Béla Tarr (Pécs, Hungría, 1955) nekazari talde txiki eta zaharkitu bateko kideak irudikatzeko, komunismoa erori eta gero ustekabean diru kopurutxo bat jaso eta herritik joateko prestatzen ari direnean. 1994an, Berlinen Caligari saria irabazi zuen zazpi ordutik gorako metrajea duen zuri-beltzeko film horrek. Irailaren 28an osorik proiektatuko da, 16:00etatik aurrera, 15 minutuko bi atsedenaldi barne. Tarrek ere film aipagarriak zuzendu ditu: esaterako, Kárhozat (Damnation, 1988), Werckmeister harmóniák (Werckmeister Harmonies, 2000) eta A torinói ló (The Turin Horse, 2011). Hain zuzen, azken horrek Epaimahaiaren Sari Nagusia eta FIPRESCI saria irabazi zituen Berlinen.

 

Dao ma zei / The Horse Thief
Tian Zhuangzhuang  (Txina)  1986
Antzezleak: Tseshang Rinzhin, Jiji Dan, Jamco Jayang

1923. Norbu artzain tibetarrak zaldiak lapurtzen ditu bere sendia mantentzeko. Lapurreta baten ondoren, tributik kanporatuko dute eta familiarekin erbesteratuko da. Norbuk otoitz eta otoitz egingo du, baina ez du ezertarako balioko. Senitarteko baten ustekabeko heriotzak kolokan jarriko du haren fede budista, eta berriz hasiko da zaldiak lapurtzen.


Mishima: A Life in Four Chapters
Paul Schrader  (AEB)  1985
Antzezleak: Ken Ogata, Masayuki Shionoya, Hiroshi Mikami, Junya Fukuda Fukuda, Shigeto Tachihara

Yukio Mishima japoniar idazle eta dramagile ospetsuaren erretratu bat, niaren, artearen eta gizartearen arteko harmonia ezinezkoa lortzen saiatu zen gizon baten barne-zurrunbiloa eta kontraesanak ikertzen dituena. Filmak Mishimaren bizitzako azken egunera eramango gaitu, hara-kiri errituaren bidez jendaurrean bere buruaz beste egin zueneko hartara, eta idazlearen iraganerako flashbackez eta haren lanetako oroipen estilizatuz josita dago.


Sátántangó
Béla Tarr  (Hungaria - Suitza - Alemania)  1994
Antzezleak: Mihály Víg , Putyi Horváth , László Lugossy , János Derzsi , Éva Almássy Albert

Komunismoa erori eta gero, apokalipsi osteko ingurune batean, ustekabean diru kopuru bat iritsiko zaie nekazari talde txiki eta zaharkitu bateko kideei, eta herritik joateko prestatuko dira. Herriko batzuk azpikeriatan hasiko dira, ezkutuan, irabazi guztiekin ihes egiteko; bitartean, aspaldian hildakotzat zuten pertsonaia misteriotsu bat itzuliko da herrira, eta betirako aldatuko ditu haien guztien bizitzak.

Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea