tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Berriak > Ina Weisse, Oren Gerner, Denis Côté, Martín Rejtman eta Anna Sofie Hartmann izango dira protagonista Nest Film Students saileko topaketa eta eskola magistraletan
Ina Weisse, Oren Gerner, Denis Côté, Martín Rejtman eta Anna Sofie Hartmann izango dira protagonista Nest Film Students saileko topaketa eta eskola magistraletan
Edizio honetan hautatutako 14 film laburrak ekarri dituzten zinema-eskoletako ikasleekin hitz egingo dute bost zinemagileek
Asteazkena, 2019(e)ko irailaren 4

Ina Weisse, Oren Gerner, Denis Côté, Martín Rejtman eta Anna Sofie Hartmann zinemagileak izango dira protagonista XVIII. Nest Film Students saileko topaketetan eta eskola magistraletan. Aurten, irailaren 23tik 27ra egingo da Tabakaleran zinema-eskoletako ikasleen nazioarteko topaketa.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak elkarrekin antolatzen dute topaketa, mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutarazteko. Aurtengoan, 14 film labur hautatu dira 46 herrialdetako 186 eskolak aurkeztutako 373 lanen artetik. Bost egunez jarraian, beren lanak erakutsi eta 67. edizioan filmak aurkeztera etorri diren zinemagileen hitzaldietan parte hartuko dute gazteek.

Lehen eskola, irailaren 23an (10:45), Ina Weisse alemaniar zinemagilearekin egingo da; Das Vorspiel (The Audition) aurkeztu ondoren, ikasleekin iritziak trukatuko ditu. Zinemagilearen bigarren filma da eta Sail Ofizialean Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango da; lehenengoa, Der Architekt (The Architect), Berlingo zinema-jaialdian proiektatu zen. Hurrengo egunean (15:00) Oren Gerner etorriko da ikasleekin hitz egitera. Israeldarra Donostiara itzuliko da duela bost urte Greenland film laburrarekin Nest Film Students saria lortu eta gero. Aurten New Directors sailean lehiatuko da haren lehen film luzea, Africa, eta filmaren emanaldiaren ondoren egingo du ikasleekin elkarrizketa. Asteazkenean (10:30) Denis Côte kanadarrak hartuko du erreleboa. Zuzendariak eskarmentu handia du nazioarteko zinema-jaialdietan eta oraingoan Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du Répertoire des villes disparues / Ghost Town Anthology filmarekin, Berlingo lehiaketa igaro ondoren.

Hurrengo egunean (15:00) Martín Rejtmanek emango du eskola magistrala. Gainera, Nest Film Students saileko epaimahaiaren presidentea izango da. Besteak beste, Silvia Prieto (Made in Spanish, 1999), Los guantes mágicos (Horizontes Latinos, 2003) eta Dos disparos (Horizontes Latinos, 2014) filmen egilea da argentinarra, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean Shakti film laburra aurkeztuko du, duela hiru urte zentroak eskaini zion atzera begirakoaren ondoren eta Tabakaleran tailerra irakatsi eta gero. Ostiralean (11:00) Anna Sofie Hartmann izango da azken topaketaren protagonista. Duela bost urte, daniar zuzendariak New Directors sailean estreinatu zuen bere lehen lana, Limbo, eta oraingoan Zabaltegi-Tabakaleran lehiatuko da Giraffe-rekin, Locarnon izan ondoren.

Alde batetik, film luzeen emanaldietarako eta ondoren zuzendariekin egingo diren hitzaldietarako sarbidea mugatuta egongo da: zinema-eskoletako ikasleak, Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleak eta gonbidapenak lortzeko Tabakalerako web-orrian izena eman duten ikusleak baino ezingo dira sartu. Bestetik, Zinemaldiaren ohiko salmenta-kanalen bitartez eskuratu ahal izango dira film laburren emanaldietarako sarrerak.

Martín Rejtman buruan, eskola parte-hartzaileetako ikaslez osatutako epaimahai batek erabakiko du film labur onenaren Nest Film Students saria nork irabazi duen. Proiektuaren zuzendariari emango zaio saria; Orona Fundazioak babesten du eta aurten 10.000 eurokoa izango da, diru kopurua bikoiztu baita.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak elkarrekin antolatzen dute saila eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren ondarearen zati da.

BIOGRAFIAK

Astelehena 23, 10:45etatik 13:30etara

Ina Weissek (Berlin, 1968) ibilbide luzea egin du aktore-lanetan, batez ere, telebistan. Das Ende einer Nacht (2012) filmari esker, Alemaniako telebistaren emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuen eta Ein großer Aufbruch-ek (2015) Adolf Grimme saria eman zion. 2000an eta 2002an Zuzendaritza ikasi zuen Hanburgoko Unibertsitatean. Bere graduazio-film laburrak, Alles anders-ek, First Steps saria irabazi zuen Alemanian 2002an. Bere lehenengo film luzea, Der architekt, 2009ko Berlinalen estreinatu zen eta gidoi onenaren saria irabazi zuen Max Ophüls zinema-jaialdian. Das vorspiel (Sail Ofiziala) zuzentzen duen bigarren film luzea da.

Asteartea 24, 15:00etatik 17:30etara

Oren Gernerrek (Petah-Tikva, Israel. 1984) Zuzendaritza eta Gidoigintza ikasketak egin zituen, Tel Aviveko Minshar Arte Akademian. 2014an gradu-amaierako film laburra zuzendu zuen, Greenland. Lan horrek Nest Students saria irabazi zuen, eta Israelgo Zinema Akademiaren sarietan film labur onenen artean izendatu eta Sundancen proiektatu zen. Ondotik, Shark Tooth (2016) eta Gabriel (2018) iritsi ziren. Azken hori, Israel eta Frantzia arteko koprodukzio bat, Cannesko zinema-jaialdiko film laburren Sail Ofizialean lehiatu zen. Africa (New Directors) zuzentzen duen lehenengo film luzea da.

Asteazkena 25, 10:30etatik 13:15etara

2005etik, Denis Côték (Perth-Andover, Kanada. 1973) izen ona lortu du zinemagile independente gisa, bai Quebecen, bai nazioartean. Film labur ugari zuzendu eta zenbait urtez kazetari eta zinema-kritikari aritu ondoren, Les états nordiques (2005) lanarekin egin zuen film luzeetan debuta. Bere filmografian hala fikzioarentzat nola dokumentalarentzat tokia dago, eta badira hainbat lan nabarmengarri: adibidez, Curling-ek (2010) zuzendari onenaren eta gizonezko aktore onenaren sariak eskuratu zituen Locarnoko zinema-jaialdian, eta Vic + Flo ont vu un ours (2013) filmari esker Alfred Bauer saria lortu zuen Berlingo zinema-jaialdian. Azken bi lanekin –Boris sans Béatrice (2016) eta Repertoire des villes disparues (Zabaltegi-Tabakalera)–, Urrezko Hartza lortzeko lehian izan zen Alemaniako zinema-jaialdian.

Osteguna 26, 15:00etatik 18:00etara

Martín Rejtmanek (Buenos Aires, 1961) New Yorkeko Unibertsitatean (NYU) ikasi zuen zinemagintza. Rapado (1992) filmarekin egin zuen zuzendaritzan debuta eta ondoren ere lanean jarraitu du: Silvia Prieto (1999) Donostiako Made in Spanish sailean aurkeztu zen; Los guantes mágicos-ek (2004), Argentinako film onenaren FIPRESCI saria irabazi eta Donostiako Horizontes sailean parte hartu zuen; Entrenamiento elemental para actores (2009) Federico Leónekin batera zuzendu zuen, eta Dos disparos (2014) Locarnoko zinema-jaialdian lehiatu zen eta Donostiako Horizontes Latinos sailean aurkeztu. 2007an Copacabana dokumentala zuzendu zuen, Mexiko Hiriko FICCOn dokumental onenaren FIPRESCI sariaren irabazlea. Shakti (Zabaltegi-Tabakalera) Berlingo zinema-jaialdiko film laburren Sail Ofizialean lehiatu zen. Aurten Nest Film Students saileko epaimahaiaren presidentea da.

Ostirala 27, 11:00etatik 13:30etara

Anna Sofie Hartmannek (Nakskov, Danimarka. 1984) Aarhusko European Film College-n ikasi zuen zortzi hilabetez. Berlinera joan ondoren, Olafur Eliasson artistaren bizitza eta lan-prozesua dokumentatu zuen. 2008an, Berlingo DFFBn Zuzendaritza ikasten hasi zen. Hainbat film labur zuzendu eta gero, Donostia Zinemaldiko New Directors sailean estreinatu zuen bere lehen film luzea, Limbo (2014). Zinema-jaialdi ugaritara gonbidatu zuten (besteak beste, Rotterdam, South by Southwest eta Göteborg) eta Europako Zinema Sarietarako hautagaitza lortu zuen Europako Aurkikuntzaren kategorian. Giraffe (Zabaltegi-Tabakalera) lehiaketaz kanpo estreinatu zen Locarnoko azken zinema-jaialdian.

 

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea