tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Berriak > Donostia Zinemaldiaren artxiboaren proiektuko babesle bihurtu da Loteriak erakundea
Donostia Zinemaldiaren artxiboaren proiektuko babesle bihurtu da Loteriak erakundea
Asteazkena, 2019(e)ko irailaren 11

José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Jesús Huerta Almendro Estatuko Loteria eta Apustuen erakundeko presidenteak hitzarmen bat sinatu dute gaur Madrilen. Haren bidez, Loteriak Zinemaldia 70. Istorio posible guztiak Zinemaldiko artxibo-proiektuaren babesle bihurtu da.

Mota honetako babes-ekimenei esker, gizarte osoari onura itzultzeko konpromisoa adierazi nahi du Loteriasek. Laguntza hori gizarte, kultura, ikerkuntza eta kirol arloetan hezurmamitzen da hainbat babesi esker. Kasu honetan, Loteriasek Donostia Zinemaldiaren Artxiboaren balio kulturala indartu nahi du.

Ekimen hau Zinemaldiak sustatu du Elías Querejeta Zine Eskolaren (EQZE) ikerketa-sailarekin, Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin eta Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean, Zinemaldiaren artxibo bizia eratzeko asmoz. Lehenengo fasea 70. edizioan burutuko da, 2022an.

Proiektuaren xedea da agerian jartzea Zinemaldiaren funts dokumentalen garrantzia (eskutitzak, argazkiak, egunkari eta aldizkarietako kritikak eta berri laburrak, liburuak…), online sarbide irekia izango duten bilduma digitalizatuak sortuz. EQZEko irakasle eta ikasleek parte hartzen dute Zinemaldiaren iraganari, orainari eta geroari buruzko gogoeta eta eztabaida sortu nahi duen proiektu honetan.

Loteriak erakundearekin sinatutako hitzarmena indarrean egongo da aurten eta aukera emango du 2019an aurreikusitako ekintzei bultzada handia emateko, bildumako dokumentuak garraiatu, prestatu eta tratatzeari dagokionez, oro har. Hilabete hauetan bilduma guztiaren kontserbazio-egoeraren inbentarioa eta txosten teknikoa egiten ari gara. Gainera, bildumaren bi atal Euskadiko Filmategiaren kontserbazio-instalazioetara eramaten ari gara: artxibo orokorrera (gutunak, Zinemaldiko barne- eta kanpo-dokumentazioa) eta hemerotekara (prentsa?dossierrak), hain zuzen ere. Garraiatutako bolumena, guztira, 1.037 kutxa, 180 liburuki koadernatu eta 121 karpeta izan dira.

Bestalde, Loteriak erakundearen babesari esker, Festival aldizkariaren ale guztiak (1957-2019) digitalizatzen ari gara, gordailu ireki batean argitara emateko, eta tratamenduak aplikatzen ari gara, papereko funtsak egoki kontserbatzen direla bermatzeko. Proiektuaren edukien berri emateko, zenbait ekintza aurreikusi dira: jarduera-ziklo publiko bat, Donostian urte-amaieran egingo dena, proiekzio, mahai-inguru eta eztabaidekin, besteak beste.

Bien bitartean, EQZEko Komisariotzako eta Artxiboko espezialitateetako zortzi ikasle ikerketa bat egiten ari dira, Zinemaldiak demokraziarako trantsizioaren urteetan izandako aldaketak aztertzeko, nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuekiko (Cannes, Berlin, Venezia) konparaziozko azterketa eginez.

 
LAN-ILDOAK

Zinemaldia 70. Istorio posible guztiak proiektuaren lantaldea honako kide hauek osatzen dute: EQZEko ikerketa-arloko koordinatzailea, Pablo La Parra, eta zuzendaria, Carlos Muguiro, Artxiboko eta Komisariotzako espezialitateetako ikasleak, Tabakalerako Ubik sorkuntza-liburutegiko eta Euskadiko Filmategiko ordezkariak eta Zinemaldiko lantaldea, Ana Esperanza Redondo buru delarik. Ubikek, gainera, Zinemaldiko artxibo-bildumako dokumentuen tratamenduari buruzko aholkularitza espezializatua ematen du. Bilduma horren kokaleku fisikoa Euskadiko Filmategian egongo da.

Lana bi eremutan gauzatzen ari da: Martuteneko gordailuan, gaur egun hor ordenatuta baitaude materialak, eta Ubiken, bertan aztertu, inbentariatu eta katalogatuko baitira, bermatzeko ongi kontserbatzen direla eta publikoak sarbidea duela. Funtsen kontsulta egiteko ibilbideak ezarriko dira, eta, urteen arabera ez ezik, gaien arabera ere bilatu ahal izango dira materialak: adibidez, Trantsizioaren eragina Zinemaldian, indarkeria politikoa Espainiako eta Euskadiko zinemagintzan, Ikuska eta euskal zinemagintza nazionala egiteko ahalegina, Kimuak belaunaldia…

Aldi berean bi lan-ildo egongo dira, eta elkarrekin lotura izango dute: batetik, ikerketarako materiala sortuko da –artikulu akademikoak, biltzarretako aurkezpenak, argitalpen-proiektu propioak, mintegiak…–, ikertzaileei begira, eta, bestetik, emaitzak gizarteratuko dira eta publiko zabalagoentzako edukiak sortuko dira. Urtero, ikerketen ondorioak argitara aterako dira erakusketa, argitalpen edo proiekzio-programa gisa. Dibulgazioko materialez lagundutako zikloak antolatzea planteatu da, eta horietan elkarrizketa kritikoak proposatzea, Zinemaldiaren aurreko edizioetan programatutako filmei, horien testuinguru zinematografiko, sozial nahiz politikoari eta film garaikideei buruz.

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea