tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Berriak > Donostia Zinemaldiak “zinema-aretoetara filmak ikustera joateko antzinako ohituraren” aldeko aldarria egin du inaugurazio-galan
Donostia Zinemaldiak “zinema-aretoetara filmak ikustera joateko antzinako ohituraren” aldeko aldarria egin du inaugurazio-galan
67. aldi honetan eskerrak eman dizkiete ikusleei: "Haiek gabe Zinemaldia ez litzateke gauza bera izango"
Ostirala, 2019(e)ko irailaren 20

Kursaal auditoriumean egin da 67. Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-gala. Bertan "konplexurik gabe aldarrikatu da ia ahaztua dugun antzinako erritual bat: zinemara joatea filmak ikustera". Borja Crespok zuzendu du ekitaldia, Susana Fernández eta Borja Echevarríaren laguntzarekin, eta aurkezleak Cayetana Guillén Cuervo eta Loreto Mauleón aktoreak izan dira.

Galaren hasieran bideo bat proiektatu da, duela gutxi hil diren eta Zinemaldiaren historiarekin lotura estua zuten lau lagun omentzeko: Diego Galán, Zinemaldiko zuzendari izandakoa; Luis Calparsoro, ordezkari nagusi ohia; Mariano Ferrer, prentsa-arduradun gisa jardundakoa, eta Juanmi Gutiérrez, errealizadorea eta bere film guztiak lehiaketan aurkeztu zituena.

Edukiak telebistan, mugikorrean edo tabletan ikusten ditugunean izan ohi ditugun distrakzio guztiak bazter utzita, zinema-areto batean sartu, eta film bat ikustea "ezohiko plazera" dela nabarmendu dute aurkezleek. "Zinema-areto batean eseri eta proiektagailuaren argiak hipnotiza zaitzan uztea, errebeldia-ekintza bat da. Egungo informazio-gainkarga, berehalakotasuna eta irudi-zatiketa kontuan harturik, benetan luxu handia da film batez arretaz eta errealitatetik bereizita gozatzea", adierazi dute.

Urtero bezala, Zinemagintzako Prentsaren Nazioarteko Federazioak FIPRESCI Sari Nagusia eman du inaugurazio-galan. Aurten, Alfonso Cuarónen ROMA filma (Perlak, 2018) izan da irabazlea. Gabriela Rodríguez produktoreak jaso du saria, Kataluniako Zinemagintzako Kritika eta Idazketa Elkarteko (ACCEC) presidente Marta Armengouren eskutik.

Guillén Cuervok eta Mauleónek eskerrak eman dizkiete zinema-kritikariei, egindako lanagatik; izan ere, haien analisirako gaitasunak "zinemaz gehiago gozatzen laguntzen du". Gainera, ikusleen babesa ere goraipatu dute, beti fidel izaten direlako: "Haiek gabe Zinemaldia ez litzateke gauza bera izango. Egia esateko, Kursaala, Antzoki Zaharra, Viktoria Eugenia, Tabakalera, Principe zinemak eta beste espazioak egunero betetzen dituzten pertsonak gabe, Zinemaldia ez litzateke ezer izango".

Ekitaldian omenaldia egin zaie zinemako generoei ere. Askotariko irudiak proiektatu dira: komediak, thrillerrak, fantasia eta beldurrezko filmak, dramak eta zinema sozial eta politikoko sekuentziak. Irudi batzuk datozen egunotan Zinemaldian ikusi ahal izango diren filmetatik atera dira, eta beste batzuk gure zinemako obra ezagunetakoak dira, dela Espainiako zinema orokorrekoak, dela bereziki euskal zinemagintzakoak. Galako gonbidatuen artean izan dira Javier Calvo eta Javier Ambrossi errealizadoreak (Los Javis gisa ezagunak), Leticia Dolera zuzendari eta aktorea eta Paul Urkijo zinemagilea.

Azkenik, Neil Jordan zuzendariak hitz batzuk esan ditu, Urrezko Maskorra eta Zinemaldiko gainerako sariak emango dituen epaimahai ofizialeko presidente gisa. "Pentsatzen dut datozen bederatzi egunetan geure buruari betiko galdera egin beharko diogula: Zer da zinema? Nire ustez, erantzuna sinplea da. Areto ilun batean ezezagunez inguratuta eseri, eta beste norbaiten ametsak pantailan ikusten duzunean bizi duzuna da zinema. Liburuetan, agertokian, iPhone batean edo telebistako pantailari begira bizi ezin daitekeen zerbait. Beraz, Zinemaldiak iraun bitartean, horixe egingo dugu, Georges Méliès-ek ilargira bidaiatu zuenetik jendeak egin duen gauza bera. Eta baliteke jaialdi hau amaitzean, gure artean hain ezezagunak ez izatea". Epaimahaiak urtero egin ohi duen familia-argazkian, zinemagile irlandarrarekin batera ageri dira Bárbara Lennie eta Mercedes Morán aktoreak, Pablo Cruz eta Katriel Schori errealizadoreak eta Lisabi Fridell argazki-zuzendaria.

Segidan, Sail Ofiziala inauguratu duen filma proiektatu da, Blackbird (La decisión). Bertan izan dira Roger Michell filmaren zuzendaria, David Bernardi produktorea eta Sam Neill aktorea.

 

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea