tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Berriak > Penélope Cruz ameslariarentzako Donostia saria
Penélope Cruz ameslariarentzako Donostia saria
U2 taldeko Bonok eman dio aktoreari Zinemaldiko ohorezko sari nagusia, ezusteko zeremonia batean
Ostirala, 2019(e)ko irailaren 27

Penélope Cruzek (Madril, 1974) jaso du hirugarren Donostia saria, U2 taldeko Bonoren eskuetatik, bai ohorezko saridunarentzat bai publikoarentzat sorpresak izan dituen gala batean. Donostia Zinemaldiak saritu nahi izan du nazioartean errekonozimendu handiena duen emakumezko aktore espainiarra, 67. edizioko kartelaren irudia izan den urtean.

Azken asteetan, Donostia Zinemaldiko antolakuntzak isilpean gorde du nork emango zion Penélope Cruzi saria Kursaalen. Helburua zen aktoreak ez zezala jakin Bono bere lagun mina –2017an, Penélopek hari eman zion Los40 Golden Music Award saria– Donostian egongo zela galan parte hartzeko.

Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak sorpresa eman du musikari irlandarra aurkezterakoan. Bono besaulki-patiotik jaitsi eta eszenatokiraino iritsi da Penélope Cruzi besarkada handia emateko. "Pantailan agertzen den Peneloperen bizitzak liluratzen nau, familiaren dramari buruzkoa delako. Gu bezalako artistok gure baitan galtzen gara. Penelope besteengan galtzen da. Horregatik, berarengan galtzen gara", esan du Bonok.

Publikoak hainbat minututan luzatu den txalo zaparrada eskaini dio aktoreari. Sorpresa izan dela onartu, Bonori bere maitasuna agertu eta beti "ameslari handia" izan dela aitortu du. "Txikitatik kontziente izan nintzen esna amets egitea zela etorkizunari heltzeko modurik onena, bidean zortea lagun izanez gero", adierazi du. Ama izatea eta aktore bihurtzea izan zituen haurtzaroko ametsak, eta hainbeste urtetan lan egin ondoren, bere ogibideari dion "maitasunak hazi baino ez du egin". "Lanbide honi esker, zure arimak hegan egiten du zenbait unetan, baina zure egoa alde batera utzi behar duzu, bizitza ezberdin eta liluragarri horiek guztiak ulertu ahal izateko eta behar diren duintasuna eta errespetua emateko", azpimarratu du.

Gainera, "amaigabeko esker ona" adierazi du eta saria gurasoei eskaini die, beti eman dioten babesagatik, eta baita berarekin kontatu duten zuzendariei, besteak beste, Pedro Almodovarri, Bigas Lunari eta Fernando Truebari. Halaber, Juan Carlos Corazza edo Cristina Rota bezalako irakasleak aipatu ditu, eta Katrina Bayonas agentearekin ere gogoratu da. Baina une hunkigarriena iritsi da Donostia saria bere bi seme-alaba ederrei eta aretoan zegoen Javier Badem senarrari eskaini dienean

Bere hitzaldia bukatu baino lehen, "guztiona den mundua zaindu eta babesteko" deia egin du, gaur egungo haurrei "amesten jarraitzeko arrazoiak emateko". Gainera, emakumeenganako indarkeriaren aurka irmo azaldu da. "Genero indarkeriari dagokionez, aurten 44 emakume hil dituzte, gure estatuan bakarrik. Zenbat ote dira mundu osoan? Emakume batek horrelako egoera batean bizitzea zer den kontatzeko indar guztia batzen duenean, entzungo diotela espero dut, baina lehenbiziko aldian, eta ez beranduegi denean", bukatu du.

Penélope Cruzek 45 urte ditu eta Donostia saria jaso duen emakumezko aktore gazteena da –gizonezko aktore gazteena Ewan McGregor izan zen, 41 urte baitzituen saritua izan zenean. Cruzek antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Oscar saria eta Bafta saria irabazi zituen Vicky Cristina Barcelona filmagatik (Woody Allen, Zabaltegi-Perlak 2008); hiru Goya La niña de tus ojos (Fernando Trueba, 1998), Volver (Pedro Almodóvar, FIPRESCI Sari Nagusia 2005) eta Vicky Cristina Barcelona filmetan egindako lanagatik; Canneseko zinema-jaialdiko emakumezko interpretazio onenaren sari kolektiboa (Volver), ohorezko César saria eta Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina (2018), beste aintzatespen askoren artean.

Zeremoniaren ondoren, Olivier Assayasek zuzendu duen eta aktore espainiarra protagonista den Wasp Network filma proiektatu da. Azkeneko Veneziako zinema-jaialdian estreinatu zen mundu mailan, eta Frantziaren, Brasilen, Espainiaren eta Belgikaren arteko koprodukzio bat da. Penélope Cruzez gain, aktore hauek ere parte hartu dute filmean: Edgar Ramírez, Gael García Bernal, Wagner Moura, Ana de Armas eta Leonardo Sbaraglia, besteak beste. 1990eko hamarkadan, espioitza eta hilketa leporatuta Ameriketako Estatu Batuetan atxilotu zituzten espia kubatarren sarea du hizpide.

PENELOPEREN HITZAK

Donostia Zinemaldiari eta José Luis Rebordinosi eskerrak eman nahi dizkiet. Hain garrantzitsua den sari hau eskerrak emateko aukera paregabea da. Ameslari handia izan nintzen beti. Txikitatik esna amets egitea etorkizunari forma emateko modu onena zela kontziente izan nintzen, zortea lagun izanez gero.

Haurtzaroan bi amets izan nituen nagusiki: ama izatea eta nire pasioari, interpretazioari, heltzea. Antzeztea beharra izan zen beti niretzat. Hainbeste urtetako lanaren ondoren, ogibide honekiko begirunea eta maitasuna hazi besterik ez dira egin. Lan honek uneak eskaintzen dizkizu non arimak hegan egiten duen. Egoa alde batera utzi behar duzu bizitza ezberdin eta liluragarri hauek guztiak ulertzeko eta norberak merezi dituen duintasuna eta errespetua emateko.

Urte pila pasa dira neska horrek amets horietako bat beteko zen bere buruari galdetzen zionetik. Garrantzitsuenetako batzuk beteko zirela sentitzen dut. Egunero esnatzen naiz bide honetan lagundu didaten amaigabeko esker ona sentituz: guraso maiteak, maitasun eta sustapenagatik, inoiz ez baliogabetzeagatik, eta askatasuna emateagatik; orain jakin badakit ez zela izan behar erraza. Eskerrik asko, ama eta eskerrik asko, aita, egoten zaren egoten zarela.

Pedro maitea, Bigas Lunas maitea, Fernando Trueba maitea eta nigan konfidantza izan duten zuzendari guztiei eta hainbeste erakutsi didate, Juan Carlos Corazza eta Cristina Rota maisuari, eta Katrina Bayonasi, hainbeste gauzengatik.

Seme-alaba ederrei eskaintzen diet saria, baita Javier senarrari ere. Edonork izan dezakeen bidelagun zoragarriena da eta, bai, bera ere nire ametsetan barne zegoen eta gaur nirekin dago. Mila esker.

Zaindu eta babestu ahal dugu guztiona den etxea, hau da, mundua. Amesten jarraitzeko soberako arrazoiak eman diezazkiegun gaur egungo haurrei. Behingoz denok bat garela jabetzeko mundu bat.

Emakumezko aktoreoi behin baino gehiagotan galdetzen digute ea emakumeen egoera hobetzen ari den berdintasunari dagokionez. Aurten 44 emakume erailak izan dira genero indarkeriagatik, eta 2003tik hona mila baino gehiago izan dira, bakarrik gure Estatuan. Zenbat ote dira mundu osoan? Emakume batek horrelako egoera batean bizitzea zer den kontatzeko indar guztia batzen duenean, entzungo diotela espero dut, baina lehenbiziko aldian, eta ez beranduegi denean”.
 

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea