tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Filmen izen-ematea > Araudia > EFADs-CAACI Europa-Latinoamerika Koprodukzio Saria
EFADs-CAACI Europa-Latinoamerika Koprodukzio Saria
Araudia
 

Iberoamerikako Ikusentzunezko Zinematografiako Agintarien Konferentzia (CAACI) ikus-entzunezko eta zinemako ekoizpenean espezializatutako nazioarteko agentzia bat da, Iberoamerika eskualdera zuzendutakoa. CACIren helburua honakoa da: Iberoamerikako herrialdeetako ikus-entzunezkoen esparruan zinematografiaren arloa garatzea, eta bidezko partaidetza baten bitartez, eskualdeko jarduera zinematografikoan integratzea.

Beste alde batetik, Europako Zinema Agentzietako Zuzendarien Elkarteak (EFADs) Europako 33 herrialdeetako (EB, Islandia, Norvegia, Suitza eta Serbia) zinema-agentzietako zuzendariak biltzen ditu. EFADs elkarteak Europan ikus-entzunezko eta zinematografiako sorkuntzaren aldeko politika bat edukitzea eta Europako lanak Europan eta nazioartean modu eraginkorrean zabaltzea ziurtatzen laguntzen du.

2016ko martxoan Toulousen egin zen EFADs-CAACI batzarreko bukaerako adierazpenean, besteak beste, elkarrekin kogarapenerako sari bat sortzea proposatu zen, hasierako fasean elkarlana bultzatzeko, benetako koprodukzio artistikoen kopurua handitzeko eta Europaren eta Latinoamerikaren artean elkarlan egituratu bat eraikitzeko asmoz. Sari hori zinema-jaialdi handi batzuetako foro profesionalen eremuan eman behar zela erabaki zen.

Donostia Zinemaldia Europako zinema-ekitaldi handienetako bat dela eta bere Industry Clubak, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa antolatuz, dagoeneko gure bi kontinenteen arteko gune gisa jarduten duela kontuan hartuz, EFADs-CAACI Europa-Latinoamerika Koprodukzio saria aurkezteko leku ezin hobea dela dirudi.

Ondorioz, EFADs-CAACI Europa-Latinoamerika Koprodukzio Saria 67. Donostia Zinemaldiaren barruan laugarren aldiz, 2019ko irailaren 22, 23, 24 eta 25ean, egingo den Europa-Latinoamerika VIII. Koprodukzio Foroan emango da. EFADs-CAACI Europa-Latinoamerika Koprodukzio Saria nazioarteko epaimahai batek emango dio Europa-Latinoamerika VIII. Koprodukzio Foroan aukeratutako proiektu bati.

EFADs-CAACI Europa-Latinoamerika Koprodukzio saria arautuko duten baldintzak honako araudi honetan zehaztuta daude:

1. ARTIKULUA - Araudiaren helburua

EFADs-CAACI Europa-Latinoamerika Koprodukzio sariaren bidez, zinema-industriaren arloan Europaren eta Latinoamerikaren arteko lankidetza bultzatzeko ekarpen bat egin nahi da. Ekarpena koprodukzio sari baten bidez gauzatuko da eta sari hori honako baldintzen arabera emango da.

2. ARTIKULUA - Hautapen-irizpideak

EFADs-CAACI Koprodukzio Saria Europa-Latinoamerika VIII. Koprodukzio Foroan parte hartzeko aukeratutako proiektuetara zuzenduta dago.

EFADs-CAACI Europa-Latinoamerika Koprodukzio Saria aukeratutako proiektuaren garapen-gastuak ordaintzen laguntzeko da.
Proiektuak koprodukzio bat izateko diseinatuta egon behar du, gutxienez Europako eta Latinoamerikako herrialde bana tartean sartuta.

Koprodukzio-bazkide «berrien» arteko koprodukzio bat izateko diseinatuta dauden proiektuetan arreta berezia jarriko da; hau da, normalean elkarlanean aritzen ez diren Europako eta Latinoamerikako herrialdeetako bazkideen arteko proiektuetan.
Proiektuak lotura berezi bat eduki behar du honekin:

  • Latinoamerikarekin, Europako ekoizle batek aurkeztutako proiektua bada;
  • Europarekin, Latinoamerikako ekoizle batek aurkeztutako proiektua bada.

Lotura horren oinarria edozein elementu esanguratsu izan daiteke: gidoiaren eduki kulturala, errodatzeko aurreikusitako kokalekuak, aktore-zerrenda edo talde teknikoa, etab.

3. ARTIKULUA - Onuradunaren konpromisoa

Proiektuaren produkzioa burututakoan, sariaren onuradunak behin betiko kopiako kredituetan honako hau barne hartu behar du:

  • EFADs-CAACI Europa-Latinoamerika Koprodukzio sariaren aipamena;
  • EFADs elkartearen logotipoa;
  • CAACIren logotipoa.

Logotipoak erakunde horien webgune ofizialetan eskuratu ahal izango dira.

4. ARTIKULUA - Hautapen-prozedura

EFADs-CAACI Europa-Latinoamerika Koprodukzio saria emango duen ad hoc epaimahaia honakoek osatuko dute: CAACIko ordezkari batek, EFADs elkarteko ordezkari batek eta Donostia Zinemaldiak izendatutako ordezkari batek.

Epaimahaiaren erabakia behin betikoa izango da.

EFADs-CAACI Europa-Latinoamerika Koprodukzio saria norentzat izango den 2019ko irailaren 25ean iragarriko da.

5. ARTIKULUA - Saria eta ordaintzeko irizpideak

EFADs-CAACI Europa-Latinoamerika Koprodukzio saria 20.000 eurokoa da. Baliteke benetan jasoko den zenbatekoa ezberdina izatea, banku-kosturik izanez gero horiek deskontatu egingo baitira.

Saria diru-laguntza ez itzulgarri bat izango da. Bi epetan ordainduko da:

  • % 50 aurretik;
  • % 50 koprodukzio-kontratu bat aurkeztu ondoren, eta betiere, lehenengo ordainketa egiten denetik gutxienez hiru hilabetera.

Baliteke benetan jasoko den zenbatekoa ezberdina izatea, banku-kosturik izanez gero horiek deskontatu egingo baitira.

EFADs-CAACI Europa-Latinoamerika Koprodukzio saria proiektu irabazlearen ekoizle nagusiari –partaidetza handiena duenari– entregatuko zaio, banku-txeke, nazioarteko txeke edo banku-transferentzia baten bidez. Eurotan bakarrik ordainduko da.

6. ARTIKULUA - Estatu-laguntzei buruzko arauak

Europako estatu-laguntzei buruzko arauak betetzeko, Europako agintaritzetatik etorriko den sariaren zenbatekoa de minimis laguntzatzat joko da*. Onuradunak jasotako de minimis laguntzaren aitorpena egin beharko du.

7. ARTIKULUA - Gatazken ebazpena

Arau eta araudi hauen interpretazioarekin lotuta sortzen diren zalantza guztiak EFADs elkarteak eta CAACIk batera ebatziko dituzte.


* 1407/2013 EE Erregelamendua (de minimis laguntzari buruzko erregelamendua), 2013ko abenduaren 24ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu bezala

 

FAQ - Filmen izen-ematea

Orokorra

Zinemaldiaren datak

Donostia Zinemaldiaren 67. edizioa 2019ko irailaren 20tik 28ra bitartean izango da.


Izena emateko datak
  • Orokorra 2019/01/18 – 2019/06/24
  • Culinary Zinema 2019/01/18 – 2019/06/14
  • Nest Film Students 2019/06/01 – 2019/07/01
  • Zinema eraikitzen 2019/04/30 – 2019/06/30
  • Glocal in Progress 2019/04/30 – 2019/06/30
  • Europa-Latinoamerika I. Koprodukzio Foroa 2019/04/15 – 2019/06/15
  • Ikusmira Berriak: 2019/07/01 - 2019/08/30 (ikusmiraberriak.eu)

Dokumental bat inskriba dezaket?
Zinemaldiak ez du bereizketarik egiten fikzioaren eta ez-fikzioaren artean; bi aukera horietako lanak aurkez daitezke sail guztietan.

Film labur edo ertain bat inskriba dezaket?

Zabaltegi – Tabakalera sailean bakarrik inskriba daitezke.

  • Film luzeak 60’-tik aurrera
  • Film ertainak 30’ eta 59’ bitartean
  • Film laburrak 30’-ra arte

Horrez gain, zure eskolan egindako film labur bat baduzu, Nest. Film Students-en parte har dezakezu.


Garapen fasean dagoen proiektu bat inskribatu dezaket?
Garapen fasean dagoen proiektu bat baduzu Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan edo Ikusmira Berriak programan inskribatu dezakezu, araudia bete izanez gero.

Film bat edo film labur bat inskriba dezaket sail batean baino gehiagotan?
Goian azaldutako sail zehatz batzuez, film laburrez eta ertainez gain, gainerako filmak Zinemaldiko edozein sailetan inskribatzen dira, eta gero zuzendaritza-batzordeak erabakiko du zein sailetan aurkeztuko diren.

Aurretiko hautaketa

Zer formatu onartzen dituzue lehen hautaketan?
  • Link/Screener, pasahitzarekin
  • DVD
  • BluRay
  • DCP

Azpitituluekin aurkeztu behar dira?
Jatorrizko bertsioan gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez dauden filmek ez dute azpititulurik behar. Gainerakoek bai.

Work in progress bat bidal dezaket?
Bai.

Trailer bat bidal dezaket?
Ez. Ez dugu trailerrik onartzen lehen hautaketarako.

Zeintzuk dira estreinaldi motak?
  • Munduko estreinaldia
    Filma ez da jendaurrean erakutsi inoiz.
  • Nazioarteko estreinaldia
    Filma zinema-aretoetan estreinatu da edo zinema-jaialdi batean aurkeztu da jatorrizko herrialdean, baina ez beste inon.
  • Europako estreinaldia
    Filma Europatik kanpoko zinema-aretoetan erakutsi edo estreinatu da, baina ez da inoiz aurkeztu Europako herrialde batean.
  • Espainiako estreinaldia
    Filma ez da jendaurrean erakutsi Espainian.
  • Jada estreinatuta
    Filma zinema-aretoetan aurkeztu eta/edo erakutsi da, Espainian barne. Kasu horretan, Made in Spain edo Zinemira Panorama sailetan baino ezin izango da sartu.

Parte har al dezaket nire filmarekin DVDn edo BluRayn estreinatu bada?
Made in Spain eta Zinemira Panorama sailetan bakarrik (eta azken horretan euskal produkzio bat bada bakarrik).

Parte har al dezaket nire filmarekin VOD formatuan estreinatu bada?
Filmak Zinemaldiko Sailetan parte hartu ahal izango du, horietako bakoitzak estreinaldiaren alorrean dituen irizpideen arabera.

Izen-emate kuota

Zein da izena ematearen kostua?

Film, film labur eta film ertainen izen-ematearen kostua 70 eurokoa da.

Zinema eraikitzen sailerako, Nest. Film Students eta Glocal in Progresserako inskripcioak doainik dira.

Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan edo Ikusmira Berriak programarako proiektuen inskripzioak doainik dira.


Dirua itzuliko didazue nire filma hautatzen ez baduzue?
Ez.

Egin daiteke ordainketa paypal bidez?
Bai.

Nola ordain dezaket kreditu-txartelik ez badut?

Kreditu-txartelik ez baduzu bankuko transferentzia bidez ordain dezakezu. Horrela bada, jar zaitez harremanetan gurekin films@sansebastianfestival.com helbidera idatzita ordainketa koordinatzeko.


Ikaslea naiz, deskonturen bat al dut?

Ez, ez dago deskonturik izena emateko kuotan ikaslea izateagatik. Alabaina, zure eskolan egindako film labur bat baduzu, doan inskriba dezakezu Nest. Film Students-en.


Komunikazioa

Nola jakinarazten da filma hautatua izan dela?
Filmen inguruko informazioa lehen hautaketaren prozesu guztian zehar ematen da. Hautatu ez diren filmen arduradunei 2-3 asteko epean jakinaraziko zaie erabakia posta elektronikoz, filma jaso denetik zenbatzen hasita.

Feedbacka jaso dezaket?
Ez. Zinemaldiak 2.500 film baino gehiago jasotzen ditu urtean eta ez ditu erabakiak hartzeko arrazoiak azaltzen.

Hautaketa

Noiz jakinaraziko da publikoki filma hautatua izan dela?
Filmen berri emateko egutegia komunikazio-sailak ezartzen du, eta izen-ematea egin duen pertsonari jakinaraziko dio aldez aurretik.

Zein da DCPa bidaltzeko azken eguna?

Behin betiko DCPa jasotzeko azken eguna 2019ko irailaren 1a da.


Formularioan hasiera batean eman nuen informazioa zuzendu nahi dut, nola egin dezaket?

Daturen bat zuzendu nahi izanez gero, jarri harremanetan gurekin films@sansebastianfestival.com helbidera idatzita, aldatu nahi duzuna zer den adieraziz.



© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea