Italia, gaur egun. James Figueras arte-kritikariak harreman bat du Berenice Hollis estatubatuar erakargarri eta interesgarriarekin. James bere anbizioak xarmaz mozorrotzen dituen ohiko antiheroia da; Berenice, aldiz, Europan zehar bidaiatzen ari den neska xalo bat, nahi duena izatearen askatasunaz gozatzen duen bitartean. Maitale berriak Cassidy arte-bildumariaren finka zoragarri eta oparora joango dira bidaian. Cassidy Como Lakuan bizi da, eta Jerome Debney margolari bakarti eta zeharo preziatuaren babeslea da. Plan bat proposatuko dio Jamesi: Debneyren maisulana lapurtzea. Debney mitikoarekin denbora eman ahala, bikotea konturatuko da, artistari eta aginduta duten misioari dagokienez, ezer ez dela dirudiena. Baina James anbizio handiko gizona da eta aurrera eramango du plan zitala, xantai, sute, lapurreta, erailketa eta guzti.
Giuseppe Capotondi (Corinaldo, Italia. 1968) 23 urterekin hasi zen musika-bideoak eta telebistako iragarkiak zuzentzen, eta 250etik gora zuzendu ditu ordutik. Hala, nazioarteko hainbat sari lortu ditu; besteak beste, D&AD saria eta Cannesko Lehoia. 2009an Veneziako zinema-jaialdian lehiatu zen haren lehen film luzea, La doppia ora, eta Kseniya Rappoport protagonistak emakumezko aktore onenaren Volpi Kopa irabazi zuen hari esker. Gainera, bi dokumental zuzendu ditu, baita telebistako programen zenbait atal ere: adibidez, Berlin Station (Epix), Suburra (Netflix) eta Endeavour (ITV) telesailetan. The Burnt Orange Heresy-k, haren bigarren film luzeak, Veneziako zinema-jaialdia itxi du aurten lehiaketaz kanpo.