San Bernardo, Txile, 1970. Gau batean, mozkortuta, bere lagunik onena sastakatuko du Jaimek, 20 urteko gazte bakarti eta nartzisista batek, haserrealdi batean itxuraz. Espetxean El Potro ezagutuko du, gizon nagusi eta errespetatua, eta harengana joko du babes, maitasun eta aitorpen bila. Jaime El Príncipe bihurtuko da, eta maitasuna eta leialtasuna aurkituko ditu espetxeko botere-borroka bortitza bizi bitartean. Veneziako zinema-jaialdiko Kritikaren Astean hautatua.
Sebastián Muñozek Zinema Eskolako lizentziatura ikasi zuen Txileko Santiagoko Arcis Unibertsitatean. Arte zuzendari gisa, Txileko zinemagintza berriaren film nabarmenetan aritu da: besteak beste, Alicia Schersonen Play, Turistas eta Il Futuro; Cristián Jiménezen Ilusiones ópticas, Andrés Waissbluthen Los debutantes, 199 recetas para ser feliz eta Un caballo llamado Elefante; eta Ricardo Larraínen Chile puede lanetan. Lehenengo film laburra, La felicidad, 1996an zuzendu zuen, eta 1998an La buena suerte etorri zen ondotik. El Príncipe, Muñozen lehenengo film luzea, Mario Cruzen eleberri batean oinarrituta dago; 2018an Donostia Zinemaldiko Zinema Eraikitzen sailean aukeratu zuten, eta Veneziako azken zinema-jaialdiko Kritikaren Astean izan zuen estreinaldia.