Txile, 70eko hamarkadaren hasiera. Eskuin muturreko talde nazionalista bortitz batek boteretik kendu nahi du Allenderen gobernua. Krimenean eta konspirazioan murgilduta, historiaren bilakaera aldatuko duen krimen politiko bat egingo dute hiru taldekidek: Inések, haren senar Justok, eta bien lagun min Gustavok. Aldi berean amodiozko triangelu arriskutsu eta sutsu batean nahastuta, traizioaren itzalak betirako bananduko ditu. Hau da, harik eta, 40 urte geroago, Gustavok gaztaroko kausa nazionalista berpizten duen arte, mendekuak eta obsesioak bultzatuta. Baina Inés negozio-emakume boteretsua da orain, eta poliziak Gerardo eta etxean duen armategi gero eta handiagoa zaintzapean dituen bitartean, Inések ahalegin guztiak egingo ditu bere eta Justo senarraren iragan politiko eta sexuala agerira ekar ez dadin.
Andrés Wooden (Santiago, Txile. 1965) lehenengo film luzea, Historias de fútbol (1997), Donostia Zinemaldiko New Directors sailean aurkeztu zen. Ondoren, El desquite (1999) eta La fiebre del loco (2001) zuzendu zituen, eta Veneziako zinema-jaialdiko Cinema del presente sailean aurkeztu zuen azken hori. 2004an, Cannesko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian parte hartu zuen Machuca-rekin (2008); gainera, gaztelaniazko atzerriko film onenaren Goya sarirako izendatu zuten, eta handik lau urtera sari hori irabazi zuen La buena vida (2008) filmari esker. Violeta se fue a los cielos-ek (2011) World Cinema saileko Epaimahaiaren Sari Berezia ekarri zion Sundance zinema-jaialdian.