Pablo ezkonduta dagoen 40 urteko gizon bat da, bi haur zoragarriren aita. Gizon eredugarria eta kristau ebanjeliko elizkoia da. Baina bere bizitza tradizional perfektuan arrailak agertuko dira gizon batekin maitemindu eta bere sentimenduak eta gatazkak lehian hasten direnean. Bere bizitza intolerantziazko infernu zapaltzailea bihurtuko da; izan ere, hura sendatzeko ahalegin guztiak egitea erabakiko dute familiak eta elizak, eta terapia bidez gogoa erreprimitzera behartuko dute. Berlinaleko Panorama sailean aurkeztua.
Jayro Bustamantek (Guatemalako Hiria, 1977), Guatemalako San Carlos Unibertsitatean Komunikazioa ikasi, eta Zinema Zuzendaritza egin zuen Parisko CLCF eskolan; ondoren, Erroman gidoigintzako prestakuntza jaso zuen, Zinematografia Zentro Esperimentalean. Bustamantek zuzendutako lehenengo film luzeak, Ixcanul-ek (2015), Alfred Bauer saria jaso zuen Berlingo zinema-jaialdian, Donostiako Zinema Eraikitzen (2014) sailean parte hartu eta gero, eta ondoren berriz itzuli zen Donostiara Horizontes Latinos (2015) sailean lehiatzeko. 2018an, La Llorona proiektuak EFADs-CACI Europa-Latinoamerika Koprodukzio saria eskuratu zuen Donostiako Koprodukzio Foroan. Veneziako zinema-jaialdiko Le Giornati degli Autori sailean aurkeztu zen, eta Horizontes Latinos itxiko du, lehiaketaz kanpo. Temblores Berlinaleko Panorama sailean estreinatu zen, eta Publikoaren eta Rail d’Oc sarien irabazle izan zen Toulousen.