Guatemala, 2018 urtea. Gerra Zibila hasi zuten soldaduen epaiketari begira dago herrialde osoa. Auzian, biktimen azalpenak entzungo dira, bata bestearen atzetik. Ernestok, Forense Fundazioarentzat lan egiten duen antropologo gazteak, gerran desagertutako jendea identifikatzen du. Egun batean, adineko andre baten kontakizuna entzutean, bere aitarengana eraman dezakeen pista bat aurkitu duela irudituko zaio; izan ere, garai hartan desagertutako gerrillaria zen aita. Bere amaren nahien kontra, buru-belarri hasiko da egia bilatzen.
Mexikon eta Belgikan ikasketak amaitu ondoren, César Díaz (Guatemala, 1978) Parisko La Fémis eskolako gidoigintza-lantegian sartu zen. Hamar urte baino gehiago egin ditu fikziozko filmen eta dokumentalen editore gisa lanean. Semillas de cenizas (2010) film labur dokumentala zuzendu zuen, eta nazioarteko hogei bat zinema-jaialditan proiektatu zuten. Orobat zuzendu zuen Territorio liberado (2014) film luzea, Mexikoko IMCINE sariduna. Nuestras madres Cannesko azken zinema-jaialdiko Kritikaren Astean aurkeztu zen, eta Egile eta Konpositore Dramatikoen Elkartearen (SACD) saria eskuratu zuen han.