Yukio Mishima japoniar idazle eta dramagile ospetsuaren erretratu bat, niaren, artearen eta gizartearen arteko harmonia ezinezkoa lortzen saiatu zen gizon baten barne-zurrunbiloa eta kontraesanak ikertzen dituena. Filmak Mishimaren bizitzako azken egunera eramango gaitu, hara-kiri errituaren bidez jendaurrean bere buruaz beste egin zueneko hartara, eta idazlearen iraganerako flashbackez eta haren lanetako oroipen estilizatuz josita dago.
Paul Schraderrek (Grand Rapids, AEB. 1946) 1975ean saldu zuen bere lehen gidoia, Yakuza (Sydney Pollack), eta urtebetera Taxi Driver idatzi zuen (Martin Scorsese, Urrezko Palmorria Cannesen eta lau izendapen Oscar sarietarako). Filmaren arrakasta zela bide, zuzendari-debuta egin ahal izan zuen Blue Collar (1978) lanarekin. Raging Bull (1980), The Last Temptation of Christ (1988) eta Bringing Out the Dead (1999) idatzi ditu Scorseserentzat. Zuzendu dituen filmen artean, nabarmentzekoak dira, besteak beste, American Gigolo (1980), Affliction (1997), James Coburni antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren saria eman ziona, eta First Reformed (2017), jatorrizko gidoi onenaren Oscar sarietarako izendatutakoa. Mishima: A Life in Four Chapters-ek ekarpen artistiko onenaren saria eskuratu zuen Cannesen.