Dolor y gloria-k Salvador Mallo zinema-zuzendariaren bizitzako uneen berri emango digu, gainbeheran dagoenean. Batzuk fisikoak dira, beste batzuk oroituak: 60ko hamarkadako haurtzaroa, hobera egin nahian gurasoekin Valentziako Paterna herrira emigratu zuenekoa; lehenengo desira; helduaroko lehen amodioa, 80ko hamarkadako Madrilen jada; amodio hori bizirik eta berotan zegoela hautsi zeneko samina; idaztea, ahaztezina ahazteko terapia bakarra; zinemaren aurkikuntza goiztiarra; eta hutsunea, filmatzen jarraitu ezinaren hutsune eskerga. Sormenari, hura norberaren bizitzatik bereizteko zailtasunari, eta zentzua eta itxaropena ematen dioten grinei buruz hitz egiten du Dolor y gloria-k. Iragana berreskuratzean, haren berri emateko premia aurkituko du Salvadorrek, eta premia horretan salbazioa ere aurkituko du.
Pedro Almodóvarrek (Calzada de Calatrava, Espainia. 1949) 1980an Donostian aurkeztutako Pepi, Luci Bom y otras chicas del montón filmarekin ekin zion bere zuzendari-lan oparoari. Bere filmek hainbat sari jaso dituzte, eta, besteak beste, honako hauek nabarmendu daitezke: atzerriko film onenaren Oscar saria (Todo sobre mi madre, 1999), baita jatorriko gidoi onenarena ere (Hable con ella, 2002); ingelesezkoa ez den film onenaren BAFTA saria (La piel que habito, 2011), eta gidoi onenaren eta (sei protagonistentzat) emakumezko aktore onenaren saria Canneseko zinema-jaialdian (Volver, 2006). Aurten, Frantziako lehiaketan gizonezko aktore onenaren saria eman diote Antonio Banderasi Dolor y gloria filmean egindako lanagatik.