Jonasek itsu plantak egingo ditu telebistako dantza-lehiaketa batean sartzeko. Han, Saulé dantza-lagun erakargarria ezagutuko du. Laster, ikuskizuneko lehiakiderik famatuenak izango dira. Bitartean, Vytas, Jonasen aspaldiko ezagun bat, mendeku hartzeko gogoz aterako da espetxetik, bere emazte zenaren heriotzaren errua, berea ez ezik, maitale zuen Jonasena ere badela uste duelako. Ignas Jonynasen bigarren lana, 2018ko Glocal in Progress sailean saritua.
Ignas Jonynasek (Vilnius, Lituania. 1971) Antzerki eta Telebistako Zuzendaritza ikasi zuen, Lituaniako Musika eta Antzerki Akademian. Fikziozko bi film labur idatzi eta zuzendu idtu: Sunday As It Is eta The Dancing Worm. Hark zuzendutako lehen film luzea, Losejas (The Gambler, 2013), Donostia Zinemaldiko New Directors sailean estreinatu zen, eta, besteak beste, Varsoviako zinema-jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia eta Lituanian sei Silver Crane sari eskuratu zituen. Nematoma, haren bigarren film luzea, iazko Glocal in Progress sailean saritu zuten, Donostian.