Bruno eta Malik lagunen istorioa. Hogei urtez bestelako mundu batean bizi izan dira biak: autismoa duten umeen eta nerabeen munduan. Irabazi asmorik gabeko bi erakunderen arduradunak dira, eta gazteak prestatzen dituzte autismo larria duten pertsonak zaintzeko. Hala, elkarte berezi bat sortuko dute, ohiko inguruetatik kanpo, berdinik gabeko pertsonaia batzuentzat. Intouchables (Sail Ofiziala, 2011) eta Samba (Sail Ofiziala, 2014) lanen egileen azken film luzeak Canneseko zinema-jaialdia itxi zuen, lehiaketaz kanpo.
Éric Toledanok (Paris, 1971) eta Olivier Nakachek (Surenes, Frantzia. 1973) osatutako gidoigile eta zuzendari tandema film laburren alorrean nabarmendu zen; bereziki, haien bigarren lanak, Les petits souliers-ek (1999) Publikoaren Saria lortu zuenean Parisko zinema-jaialdian. Ondoren, Je préfère qu'on reste amis (2005), Nos jours heureux (2006) eta Tellement proches (2009) film luzeak zuzendu zituzten. Bitan eman diote amaiera Donostia Zinemaldiari, lehiaketaz kanpo: Intouchables (2011) filmarekin –nazioartean arrakasta handia bildu zuten, halaber– eta hiru urtera Samba-rekin (2014). 2017an Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu ziren Le sens de la fête (C'est la vie) filmarekin. Hors normes-ek Cannesko zinema-jaialdiari amaiera eman dio aurten.