Ki-taeken familiako guztiak langabezian daude, eta Park familia aberatsaren bizimoduak izugarrizko interesa pizten die. Egun batean, Parken etxean ingelesezko eskolak emateko gomendatuko dute semea. Bidaia kontrolaezin baten hasiera izango da, eta inor ez da onik aterako. Barking Dogs Never Bite (Sail Ofiziala, 2000), Memories of Murder (zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eta New Directors saria, 2003), Mother (Perlak, 2009) eta Snowpiercer (2013) lanen zuzendariaren azken filmak Urrezko Palmorria eskuratu du Canneseko azken zinema-jaialdian.
Bong Joon-hok (Daegu, Hego Korea. 1969) Flandersui gae (Barking Dogs Never Bite, 2000) filmarekin egin zuen zuzendaritzan debuta. Donostiako sail ofizialean lehiatu zen film harekin, baita bigarrenarekin ere; hau da, Salinui chueok (Memories of Murder, 2003) izenekoarekin. Azken horrek, gainera, zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eta New Directors saria eraman zituen. Gwoemul (The Host, 2006) Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuen, eta 2009an berriz izan zen jaialdi horretan, Un Certain Regard sailean, Mother filmarekin. Film hauek osatzen duten haren filmografía: Snowpiercer (2013), Okja (2017) –Cannesen lehiatutako filma– eta Gisaengchung (Parasite) –Urrezko Palmorriaren irabazlea Frantziako lehiaketaren azken edizioan–. 2009an Donostiako Epaimahai ofizialeko kide izan zen.