Institutuko lehen urtea, uda. Aldirietako irla batean, Hodaka etxetik joango da Tokion kokatzeko. Laster txirotuko da, ordea, eta bakardade-egun askoren ondoren azkenean lana aurkituko du okultismoko aldizkari dudagarri bateko freelance idazle gisa. Egunak joan eta egunak etorri, etengabe ari du euria, Hodakaren bizitza itxuratuz bezala. Hala ere, hiri handi eta jendetsuan batetik bestera dabilela, neska bat ezagutuko du. Hina gazte alai eta irmoa da, eta neba txikiarekin bakarrik bizi da inguruabar jakin batzuengatik. Hark ere botere bitxi bat du. “Guztia argituko da orain”. Apurka-apurka, atertu egingo du eta hiriko paisaiak distira ederra agertuko du. Besterik gabe otoitz eginez, zerua garbitu dezake Hinak…
Makoto Shinkaik (Kuomi, Japonia. 1973) 2002an zuzendu zuen bere lehen film laburra, Hoshi no koe (Voices of a Distant Star). Lan horretan bera arduratu zen zeregin ia-ia guztiez. Ordutik Japoniako animazioaren adierazle nagusietako bat bihurtu da, besteak beste, lan hauei esker: Kumo no muko, yakusoku no basho (The Place Promised in Our Early Days, 2004); Byosoku 5 senchimetoru (5 Centimeters per Second, 2007), animazio-film onena Asia Pacific Screen sarietan; Koto no ha no niwa (The Garden of Words, 2013), animazio-film onena Stuttgarteko zinema-jaialdian. Kimi no na wa (Your Name, 2016), orain arte egin duen film arrakastatsuena, Donostiako Sail Ofizialean proiektatu zen, lehiaketaz kanpo. Tenki no ko Torontoko zinema-jaialdian aurkeztu zen.