Ingalaterra Berriko kostaldeko irla urrun batean, ekaitz itxuraz amaigabe batean harrapatuta eta isolatuta, elkarrekin liskar gero eta zakarragoetan nahasiko dira bi farozain. Bien arteko tirabirak larritu ahala, badirudi benetako nahiz ustezko indar misteriotsu batzuk jabetu direla haietaz.
Robert Eggers (Lee, AEB. 1983) New Yorken hasi zen lanean, antzerki esperimental eta klasikoko diseinatzaile eta zuzendari gisa. Ondoren, film laburrak zuzentzen eta zinema, telebista, inprimatutako material eta dantzako diseinuan lan egiten hasi zen. The Witch-ek (2015), Eggersek zuzendu eta idatzitako lehen film luzeak, zuzendari onenaren saria eraman zuen Sundance zinema-jaialdiko zinema dramatikoaren kategorian. Gainera, bi Independet Spirit sari eskuratu zituen: ópera prima onenarena eta lehen gidoi onenarena. The Lighthouse, bere bigarren filma, Cannesko aurtengo zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu du, eta FIPRESCI saria eraman du han.