Magistratuak, inperio izengabe bateko mugan isolatutako kokaleku bateko administratzaileak, erretiro lasaia izan nahi du. Halako batean, ordea, Joll koronela iritsiko da, 'barbaroen' jardueren eta mugako segurtasun-arazoen berri emateko. Jollek galdeketa errukigabeak egingo ditu. Koronelak 'barbaroei' ematen dien tratamendua eta gazte “barbaro” baten tortura bateratzen direnean, kontzientzia-krisia sortuko zaio magistratuari, eta ekintza kixotesko baten bidez matxinatuko da.
2003an, Ciro Guerrak (Río de Oro, Kolonbia. 1981) Zinema Eraikitzen saria irabazi zuen La sombra del caminante izeneko ópera primarekin, eta 2004an Donostiako Zuzendari Berriak sailean lehiatu zen. Ondoren, Los viajes del viento (2009) eta El abrazo de la serpiente egin zituen; Cannesko zinema-jaialdian estreinatu ziren, Un Certain Regard sailean eta Errealizadoreen Hamabostaldian, hurrenez hurren. Biak ala biak Donostiako Horizontes Latinos sailean lehiatu ziren, eta El abrazo de la serpiente ingelesezkoa ez den film onenaren Oscar sarirako hautagai izendatu zuten. Pájaros de verano (2018) filmarekin, Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldiari hasiera eman eta nazioartean 30 sari baino gehiago bildu zituen. Waiting for the Barbarians, ingelesez egin duen lehen filma, Veneziako zinema-jaialdian lehiatu da aurten.