Bost urte igaro dira Michel Houellebecq bahitu zutenetik. Michel eta Gérard Depardieu elkarrekin joango dira Cabourgera, talasoterapia batera. Establezimenduak ezarriko dien osasun-erregimen latzetik onik ateratzen saiatuko dira han. Bitartean, bera bahitu zutenekin etengabe harremanetan jarraituko du Michelek, eta ustekabeko gertakari batzuek hankaz gora jarriko dute egonaldia.
Guillaume Nicloux-en (Melun, Frantzia. 1966) ibilbidean, askotariko filmek izan dute lekua: zinema esperimentala (Les enfants volants, 1991; La vie crevée, 1992; The End, 2016), beltza (Une affaire privée, 2002; La clef, 2007), komedia zentzugabea (Le poulpe, 1998; Holiday, 2010), zinema politiko konprometitua (L’affaire Gordji, histoire d’une cohabitation, 2012) nahiz dramak (Faut pas rire du bonheur, 1994). La religieuse (2013) filmarekin Berlinen lehiatu zen, eta zinema-jaialdi horretako Panorama sailean parte hartu zuen L'enlèvement de Michel Houellebecq-ekin ere (2014). Ondotik etorri ziren Valley of Love (2015), Cannesen lehiatutako filma, eta Les confins du monde (2018). Thalasso-ren antzeztaldean berriz bildu ditu Michel Houellebecq frantses idazle ospetsua eta Gérard Depardieu, bere filmetako ohiko aktorea.