Hiru ermitau zahar basoan gordeta bizi dira. Sute handi batek arriskuan jarriko du eremu hori, eta haien egunerokoa astinduko dute bi gertaerak: zaharrena, Boychuck, hil egingo da, eta laurogeitaka urteko emakume bat iritsiko da, bizitza osoan bidegabeki psikiatriko batean barneratuta egon ondoren. Emakumezko argazkilari batek haien ezkutalekua aurkituko du inguruko suterik larrienetan bizirik atera direnei elkarrizketak egitera datorrenean. Bi emakumeek Boychucken ehunka margolan aurkituko dituzte, hark sute horietan bizitako iragan tragikoaren lekuko. Jocelyne Saucier idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako filma.
Louise Archambaultek (Montreal, Kanada. 1970) 2005ean zuzendu zuen lehenengo film luzea, Familia. Locarnon lehiatu zen, eta Kanadako ópera prima onenaren saria lortu zuen Torontoko zinema-jaialdian, baita Kanadako Zinema eta Telebista Akademiak ópera prima onenari emandako Genie saria ere. Bigarrena, Gabrielle, Oscar sarietan Kanada ordezkatzeko aukeratu zuten, eta Publikoaren saria irabazi zuen Locarnon. 2014an La Presse/Ici Radio-Canada-k arteen eta ikuskizunen kategoriako "urteko pertsonaia” izendatu zuen zuzendaria. Il pleuvait des oiseaux, Jocelyne Saucier idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako egokitzapena, Archambaulten hirugarren film luzea da.