Rocks nerabeak etorkizunerako amets handiak eta lagun leial eta dibertigarriak ditu, baita anaia txiki maitekor baina apur bat bihurria ere, Emmanuel. Rocksek gustuko du eskola (beste edozein nerabek adina), eta bizitza betea eta zirraragarria darama East Londonen bere lagunekin batera. Rocksen mundua hankaz gora jarriko da eskolatik iritsi eta ama joan egin dela aurkitzen duenean. Diru apur bat eta sentitzen duela azaltzeko ohar bat besterik ez ditu utzi. Anaiarekin geratzera eta kosta ahala kosta harrera-sisteman ez sartzera erabakita, etxetik joan eta auzoko zokoetan ezkutatuko da Rocks. Egunak gogortu eta sekretua ezkutatzeko zailagoa bihurtu ahala, maite duten pertsonak urrunduko ditu Rocksek, eta haren lagunartean arrailak agertuko dira. Agintariek azkenean aurkitzen dutenean, talde bakar batengana jo ahal izango du babes bila: lagunengana. Gaztaroko bizipozari, erresistentzia-ahalmenari eta espirituari buruzko film bat.
Sarah Gavronek Brick Lane (2007) filmarekin egin zuen zuzendaritzan debuta; BAFTA sari baterako hautagai izan zen, eta Alfred Dunhill Talent saria jaso zuen Londresko zinema-jaialdian. Aurrez, telebistan, zuzendari berri onenaren BAFTA saria lortu zuen BBCrentzat This Little Life (2003) filma egin zuenean. 2013an, The Village at the End of the World dokumentalak Grierson sarirako hautagaitza eta Margaret Mead saria irabazi zituen. 2015ean bere bigarren fikzio-film luzea zuzendu zuen, Suffragette, Carey Mulligan, Helena Bonham Carter, Meryl Streep eta Brendan Gleeson antzezleak bilduta. Azken horrek antzeztaldeko gizonezko aktore onenaren saria lortu zuen British Independent Film Awards sarietan. Duela gutxi, Transparent telesailaren 4. denboraldia zuzendu du Amazon Studios-entzat.