Espainia. 1936ko uda. Miguel Unamuno idazle ezaguna altxamendu militarraren alde agertuko da publikoki, herrialdearen egoera gatazkatsua konpontzen lagunduko duelakoan. Ondorioz, Errepublikako gobernuak berehala kenduko du Salamancako Unibertsitateko errektore kargutik. Franco jeneralak, bere tropak matxinatuen frontera ekarri, eta arrakastaz aurrera egitea lortuko du, gerraren agintari bakarra izateko isilpeko esperantzaz. Gatazkak bilakaera odoltsua hartu eta zenbait lankide espetxeratzen dituztenean, Unamunok zalantzan jarriko ditu bere jarrerak eta printzipioak. Francok kuartela Salamancara eramaten duenean eta inguru nazionalaren estatuburu izendatzen dutenean, Unamuno haren jauregira joango da erruki bila.
Alejandro Amenábarrek (Santiago, Txile. 1972) Tesis (1996) lanarekin egin zuen film luzeetan debuta, eta zazpi Goya sari irabazi zituen harekin, besteak beste, film onenarena. Bere bigarren filma, Abre los ojos (1997), nazioartean estreinatu zen, eta Estatu Batuetan remake bat egin zioten: Vanilla Sky (2001). Los otros (2001), Nicole Kidmanek protagonizatutako filma, ingelesez egin zuen lehenengoa izan zen. Veneziako zinema-jaialdian aukeratu zuten, eta oso arrakastatsua izan zen nazioartean. Mar adentro-k (2004) atzerriko film onenaren Oscar saria eta 14 Goya sari irabazi zituen, eta beste 60 sari bildu zituen nazioartean. 2009an Agora estreinatu, eta Cannesko zinema-jaialdirako aukeratu zuten; 2015ean Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialari hasiera eman zion, lehiaketaz kanpo, Regression filmarekin.