Lhamok eta Skalbek ez dute ezkontzerik lortuko, Skalbek jadanik ezkontza bat erregistratuta duela jakingo baitute. Oroitzapenak bat-batean itzuliko dira Skalbe Cuoyehe emazte ohiaren bila abiatzen denean. Duela lau urte ezkon-hitza hautsi zuenean Cuoyehek bizitza sekularrari uko egin ziola aurkituko du, ordea. Cuoyehe erlijiosoa izateak asko zailduko ditu Skalberen dibortzio-saioak. Bestalde, Lhamo urrundu egingo da. Gesar erregearen epopeia izeneko opera tibetar bat entseatzeko presiopean, Lhamok pertsonaia nagusia hezurmamituko du: Ngada Namo, infernura eroriko den emakume 'pekataria'. Lhamok pertsonaia begitan hartu ahala, ezkontzari dion beldurra ere azaleratzen hasiko da, bihotzaren sakonean ezkutatuta duen sekretu batetik.
Sonthar Gyal (Txina. 1974) artzain artean hazi zen, Txinako Qinghai probintzian. Beijingeko Zinema Akademian ikasi ondoren, tibetar zinemagileen lehen belaunaldiko kide nabarmenetakoa bihurtu zen: Dbus lam gyi nyi ma (The Sun Beaten Path, 2011) filmarekin Locarnoko zinema-jaialdian lehiatu zen; Gtsangbo (River, 2015) Berlingo zinema-jaialdiko Generation Kplus sailean aurkeztu zuen; eta Ala Changso-k (2018) Epaimahaiaren Sari Nagusia eta gidoi onenaren saria irabazi zituen Shanghaiko zinema-jaialdian.