Irénée-les-Neigesen, 215 biztanle dituen Quebeceko herri isolatu batean, auto-istripu batean hilko da Simon Dube. Herritarrek, zur eta lur, ez dute tragediaren inguruabarrei buruz hitz egin nahiko. Une horretatik aurrera, badirudi denborak zentzua galduko duela irudituko zaie Dube familiarentzat, Smallwood alkatearentzat eta beste zenbait herritarrentzat, eta egunak amaigabe bihurtuko dira. Astiro, zerbait jaitsiko da inguru horretara. Dolu-garai horretan, behe-lainoaren erdian, arrotzak agertzen hasiko dira. Nor dira? Zer ari da gertatzen?
2005etik, Denis Côték (Perth-Andover, Kanada. 1973) izen ona lortu du zinemagile independente gisa, bai Quebecen, bai nazioartean. Film labur ugari zuzendu eta zenbait urtez kazetari eta zinema-kritikari aritu ondoren, Les états nordiques (2005) lanarekin egin zuen film luzeetan debuta. Bere filmografian hala fikzioarentzat nola dokumentalarentzat tokia dago, eta badira hainbat lan nabarmengarri: adibidez, Curling-ek (2010) zuzendari onenaren eta gizonezko aktore onenaren sariak eskuratu zituen Locarnoko zinema-jaialdian, eta Vic + Flo ont vu un ours (2013) filmari esker Alfred Bauer saria lortu zuen Berlingo zinema-jaialdian. Azken bi lanekin –Boris sans Béatrice (2016) eta Répertoire des villes disparues–, Urrezko Hartza lortzeko lehian izan zen Alemaniako zinema-jaialdian.