Zer indar geratzen zaizkigu orainaren kaosari aurre egiteko? Nos défaites-ek politikarekin dugun erlazioaren erretratu bat egingo du. Horretarako, jolas gisa, 68ko Maiatzaren osteko filmen zatiak berrinterpretatzeko eskatuko die bigarren hezkuntzako ikasleei, eta aktore gazte horien elkarrizketak tartekatuko ditu. Nola hautematen dute haiek hazi diren mundua? Eta, batez ere, aldatu, suntsitu edo berria eraiki nahiko dute?
Jean-Gabriel Périoten (Bellac, Frantzia. 1974) lanak dokumentalaren, animazioaren eta esperimentalaren artean mugitzen dira. Bereak dira, besteak beste, Dies Irae, Eût-elle été criminelle... (lan horrek «.doc-Ez-fikzioaren bide berriak» atzera begirakoan parte hartu zuen 2010ean Donostian) eta The Devil. Périoten lehen film luze dokumentalak, Une jeunesse allemande-k, Berlinaleko Panorama sailari hasiera eman zion 2015ean, eta Zabaltegin ere proiektatu zen. Lumières d'été - Natsu no hikari, zuzendariaren lehenengo fikzio-film luzea, New Directors sailean estreinatu zen 2016an, eta Song for the Jungle film laburrarekin Zabaltegi - Tabakalera saria irabazi zuen 2018an. Nos défaites-ek Berlingo zinema-jaialdiko Forum sailean izan zuen estreinako emanaldia, eta CICAE Art Cinema saria eskuratu zuen han.