Zhou Zenong espetxetik atera berri den gangster bat da. Gau horretan bertan iheslari bihurtuko da, banda-bilera bat gaizki amaitu eta ondorioz polizia bat hiltzen denean. Zauriak sendatu bitartean ezkutatu nahian, Liu Aiai aurkituko du: laguntzeko edo diru kopuru handi samar baten truke Zhou poliziaren kapitainarengana eramateko bidalitako prostituta bat. Bandetatik eta itxuraz Wuhan hiri osoa hartu duen polizia-operaziotik ihes, neska arrotz horregatik eta atzean utzi duen familiarengatik zenbateraino sakrifikatzeko prest dagoen erabaki beharko du Zhouk.
Diao Yinanek (Xi'an, Txina. 1969) Zhifu (Uniform, 2003) filmarekin egin zuen zuzendaritzan debuta, eta Rotterdamgo zinema-jaialdian lehiatu zen harekin. Bigarren film luzea, Ye che (Night Train, 2007), Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinatu zuen. Bai ri yan huo-k (Black Coal, 2014), haren hirugarren lanak, film onenaren Urrezko Hartza eta gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Hartza eraman zituen Berlinalen. Nan Fang Che Zhan De Ju Hui (The Wild Goose Lake) Cannesko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean lehiatu da aurten.