Duela ia bi hamarkada, Itoizko urtegiak Nafarroako Pirinioetako maldetako zazpi herri eta hiru erreserba natural urperatu zituen. Itoitzekiko Elkartasuna talde ekologistak bideoan hartu zuen urtegiaren aurkako borroka. Oraindik urpeko lurrarekin amets egiten dute han egon zirenek. Beren ahotsekin eta keinuekin gaurdaino iraun duen dolu indibidual eta kolektiboa azalduko dute. Munduko estreinaldia.
Maddi Barber (Lakabe, Espainia. 1988) kultura erakunde, kolektibo eta unibertsitate ugarirekin elkarlanean aritzen da ikus-entzunezko sorkuntza-lanak egiten. 2015ean, Territorios y Fronteras proiektuak eta ZINEBIk sustatutako Zinergentziak #15 egitasmoan parte hartzera gonbidatu zuten, eta Distantziak talde-film luzeko zuzendarietako bat izan zen. 2018an Yours Truly film laburra zuzendu eta ekoitzi zuen, Christopher Murray eta Charlotte Hoskinsekin batera, eta Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Jaialdian estreinatu zen. 592 metroz goiti film laburra 2018ko Visions du Réel zinema-jaialdian aurkeztu, Kimuak saileko aukeran sartu, eta Donostiako Zabaltegi - Tabakalera sailean proiektatu zen.